Denbora luzez gogoan izango dute atzoko eguna –abuztuak 4a– Orioko Heldu herri kirol taldeko giza-probako mutilek. Izan ere, jendez lepo zegoen Aiako probalekuan jokatutako Gipuzkoako Giza-Proba Txapelketa irabazi zuten. Pozez zoratzen jantzi zuten txapeldunen txapela Gorka Agirreurretak, Iker Manterolak, Jon Etxeberriak, Iñigo Peñagarikanok, Josu Itxasok, Mikel Portularrumek, Iñaki Larburuk, Hodei Alkortak eta Imanol Etxeberriak –botileroa–.
Orio eta Berrobiren arteko lehia
Lehen txandan jokatu zuten txapelketa Orioko Helduk, alboan Aiztondoko taldea zuela aurkari, bi taldeak 900 kiloko harriari tiraka –Aiako harria bat, eta Zizurkilgoa bestea–. Erritmo onarekin hasi ziren oriotarrak, baina pixkanaka, denborak aurrera egin ahala, aurre hartu zion Aiztondoko taldeak. Horrela, 44 plaza egin zituen Helduk lehen 15 minutuetan; Aiztondok, berriz, 44 plaza, 2 zinta eta metro bat.
10 minutuko atsedenaldiaren ondoren ekin zioten berriz bi taldeek lanari, kalez aldatuta. 2 zinta eta metro bat zituen Oriok errekuperatzeko eta nola errekuperatu gainera: epaileak txistua jo bezain pronto, korrika egin zuten lehen plaza. Ikusleek algaraka, txistuka eta txaloka eskertu zuten ikuskizuna. Ez zen ordea, lasterka egin zuten plaza bakarra izan, beste bi ere egin baiziztuzten 15 minuturen baitan. Aurreko saioan egindako tartea jana zuten oriotarrek 17.plaza egiterako. Azkenean, bigarren saio aparta eginda, sekulako marka jarri zuten Helduko mutilek: 86 plaza, 2 metro eta 17 cm egin zituzten denera. Ia 4 plazako tartea atera zioten azkenean Aiztondokoei –82 plaza, 2 zinta eta metro 1–. Leher eginda bukatu zuten kirolariek, baina txapela Oriora begira jartzea lortu zuen Helduk.
Oriok jarritako marka puskatzeko asmoz hasi ziren ondoren lanean Urretxuko eta Berrobiko mutilak, elkarren kontra. Pattal samar hasi zen Urretxu eta aise irabazi zuen lehen proba Berrobik, 15 minutuko jardunean ordura arteko plazik gehiena eginda: 45 plaza justu, hain zuzen ere. 39 plaza egin zituen Urretxuk. Lehiari bizi-bizi eusten zioten Oriok eta Berrobik. Bigarren saioak erabakiko zuen, hortaz, zeinek jantziko zuen Gipuzkoako giza-proba txapelketako txapela.
Azken minuturarteko ezinegona nagusitu zen probalekuan eta harmailetan. 41 plaza pasatxo behar zituen Berrobiko taldeak lehia irabazteko. Bigarren txandan Urretxuk hartu zuen aurrea segituan eta Berrobik ezin izan zituen indarrak berreskuratu. Lan erdiak egin baino lehenago galdua zuen abantaila Urretxuk eta ezin izan zion egoera horri bueltarik eman. 37 plaza egin zituzten 15 minututan, eta, hortaz, azpitxapeldun izan ziren 82 plaza, 4 zinta, 2 metro eta 30 cm eginda denera. 79 plaza, zinta 1 eta 96 cm eginda bukatu zuen txapelketa Urretxuk.
Txalo zaparrada ederraren artean jaso zituzten Heldukoek beren txapelak eta Aia bizi-iturriko produktu sorta bana. Besteak beste, zendu berri den Agustin Zaldua izan zuten kirolariek gogoan, kamiseta horiaren gainean lazo beltza besoan zutela. Izan ere, jarraitzaile fina izateaz gain, laguntzaile ere bazuten Zaldua.
Faborito
Hiruzpalau aldiz jokatu dute aurtengo denboraldian elkarren kontra Oriok eta Berrobik. Aurretik bukatu dituzte proba horiek guztiak Helduko mutilek. Dena den, txapelketa gogorra espero zuten oriotarrek eta, hortaz, gogor prestatu dira Aiako proba iristerako. Imanol Etxeberriari aginduetara eta Idoia Etxeberriaren laguntzaz, harriari tiraka jarrita, korrika aritu dira tartean txapelketan sorpresa emateko asmoz. Helburua lortu egin zuten.
Hilaren 23an erakustaldia egingo badute ere Ergobian, atseden garaia heldu zaie Heldukoei.
Txapelektako argazki gehiago ikusteko klikatu hemen.