Espainiako Traineru Txapelketatik zilarrezko dominarekin etorri ziren igandean, abuztuaren 4an, Orioko San Nikolas ontziko mutilak: Mikel Azkarate, Ibon Arruti, Iñigo Mujika, Alain Osanbela, Oier Aizpurua, Alexander Esteban, Asier Carballeda, Arkaitz Goñi, Andoni Peña, Iosu Indo, Jon Albizu, Endika Alberdi, Igor Makazaga eta Irakoitz Etxeberria patroia. Kaiku indartsu dabil eta oraingoan ere aurre hartu diete Jose Luis Kortaren mutilek gureei.
Abuztuaren 3an, pasa den larunbatean, jokatutako sailkapen estropadan primeran ibili ziren oriotarrak eta lehen postua lortu zuten. Lehenengo txandan aritu zen San Nikolas, Chapelarekin, Pedreñarekin eta Meirarekin batera. 20 minutu eta 64 ehunen behar izan zituen Oriok estropada bukatzeko. Chapela izan zen bigarren, finalerako txartela lortuz. Bigarren txandan aritu zen Kaiku, Tiranekin, Amegroverekin eta Mugardosekin lehiatuz. 20 minutu, segundo bat eta 75 ehunenean bukatu zuen estropada Kaikuk. Tiran izan zen Ohorezko txandan aritzeko txartela lortu zuen bigarren ontzia.
Abuztuaren 4ko jardunaldian, berriz, gogotsu irten ziren bizkaitarrak hasieratik. Segituan jarri ziren estropadaren buru eta horrela jarraitu zuten azkeneko baliza pasa arte. Aurreko eguneko denbora asko hobetu zuten bai Kaikuk eta baita Oriok ere: 19 minutu, 27 segundo eta 35 ehunen izan zen bizkaitarren denbora, eta 19 minutu, 34 segundo eta 89 ehunen oriotarrena.
Azkena 1999an
29 aldiz izan da Orio Espainiako Traineru Txapelketan. 15 urre, 8 zilar eta 3 brontze lortu ditu edizio horietan guztietan. Hortaz, 26 aldiz izan dira podiumean oriotarrak. 1999. urtean ekarri zuten azken bandera.
KAEn emaitzak hobetuz
Denboraldi zaila dute parez pare KAE Ligako mutilek. Momentuz, sailkapen orokorreko 11. postuan daude 24 punturekin, Camargo bakarrik dutela atzetik 15 punturekin. Aurretik, berriz, Zarautz dute 4 puntura.
Dena den, Ondarroan eta Getarian jokatutako azken bi jardunaldietan sailkapen orokorrean aurretik dituzten taldeek baino hobeto aritu dira oriotarrak. Seigarren izan ziren abuztuaren 3an jokatutako XXIX. Ondarroako Banderan –22 minutu, 11 segundo eta 48 ehunenekin, Lekittarra irabazlearengandik minutu pasatxora– eta bederatzigarren Getariako IV. Estropada, igandean. Puntuak hartuz lehia estutzen ari da ezinbestean eta bide beretik jarraituta sailkapen orokorrean gora egiteko aukera du Oriok.
Santurtzin izango dute hurrengo jardunaldia abuztuaren 10ean, 18:00etan hasita.
Gipuzkoako Emakumezkoen IV. Traineru Ligan
Orain arteko emaitza bera lortu zuten Orioko neskek Gipuzkoako Emakumezkoen IV. Traineru Ligako azken bi jardunaldietan, Ondarroan eta Getarian jokatutakoetan: laugarren izan ziren Ondarroan ere.
Aurkariak koska batera daudela dirudi eta bereari eusten diote oriotarrek. Zumaia nagusitasuna erakusten ari da Liga honetan eta estropada guztiak irabazi ditu orain artean. San Juan eta Hibaika ere fin dabiltza eta lehiaz lehia Ohorezko txandako emaitzak ber-berak ari dira izaten: bigarren pasaitarrak eta hirugarren errenteriarrak.