Candás eta Orioren arteko harremana estutzen

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2013ko abu. 6a, 14:21

Sanpedroetan Candásekoak gurean izan ondoren, abuztuaren lehen asteburua Asturiasko herrian pasa du Orioko ordezkaritza batek

Abuztuaren 2an, eguerdian, abiatu zen Oriotik Candás aldera herriko ordezkaritza zabal bat: Udal ordezkariak, Harribil dantza taldeko kideak, arraunlariak, Pello eta Nikolasa erraldoiak. Autobusez joan ziren guztiak, komeria artean. Izan ere, batelak, erraldoiak, sukaldean aritzeko ontziak, txistuak, trikitiak eta ikurriña ere autobusean  eraman zituzten, 5 orduko bidaian. Beñat Solaberrieta alkatearen hitzetan, tetris baten moduan antolatu behar izan zuten autobusa, ezer ez zedin hautsi.

Candásera iritsi bezain pronto zain zuten bertako oriotarren delegazioa. Agur motz bat egin eta bi egunetan etxe izan duten eskolara abiatu ziren oriotarrak. Orioko sukaldariak lanean jarri ziren berehala, denentzako afaria prestatzeko. Eskolan bertan egin dute lo guztiek, hiru gelatan: dantzariak batean, arraunlariak bestean, eta gainerakoak hirugarrenean.

Sabela berdindu ondoren, afalostean, Candás ezagutzeko aukera izan zuten oriotarrek. Solaberrietaren arabera berehala konturatu ziren festa giroa aparta zela, San Felix festetatn murgilduta izan baita Candás asteburuan: herri hartan ez zegoen sagardoa edateko ordurik. Botilak irekitzerako husten ziren. Sardinaren festak ziren eta izugarrizko jende pila zebilen kalean atzera eta aurrera.

Larunbat goiza lanean hasi zuten, estropada eremua prestatu behar baitzuten Candásko kirol teknikariarekin batera. Eztabaidan ere aritu ziren: kale bakarrarekin eta denborak neurtu gabe egin nahi zuen hark; eta bi kale eta denborak neurtuta nahiago oriotarrek. Luancoren kontra neurtu zituzten indarrak oriotarrek, bi kategoriatan; neskak aurrena, mutilak ondoren. Neskak minutu eta erdiko aldea atera zieten, eta mutilek, luze oso batekoa. Bietan Orio garaile. 

Behin kirol proba bukatuta, kalejiran abiatu ziren guztiak, dantzari, trikitilari, txistulari eta erraldoiekin. Erakustaldi polita eskaini zuten guztiek, tartean tartean geldialdiak eginez. Geldialdi horietako bat berezia izan zen. Izan ere, belaunaldiz belaunaldi arrantzari zuzenean edo zeharka lotuta egon diren herri arrantzaleak izan dira Orio eta Candás eta arrantzaren dinamismoan, Asturiasko lurretan gelditutako euskal arrantzaleei egin zitzaien omenaldia. Hondarribitarrak, bermeotarrak, ondarrutarrak, getariarrak, oriotarrak… Candasko eta Orioko ordezkari politikoek zenbait hitz egin ondoren, Udalak eskainitako diploma bat eta bi herrien besarkada beroa jaso zuten ahaide euskaldundunak zituzten asturiarrek eta haien senideek. Omenaldi beroa eta hunkigarria izan zen. Gutxik eutsi zioten malkoei- dio Solaberrietak asteburukoa gogoratzean: Harreran, istorioak, bizipenak eta oroitzapenak elkarbanatzeko aukera izan genuen. Hitz gutxitan, gauza asko esan ziren bertan. Begirada bustiek adierazi zuten Euskal Herriarekiko duten maitasuna.

Candás bertako sagardotegian elkarrekin afaldu zuten ondoren. Asturiasko eta Euskal Herriko kantuen nahasketarekin gozatzeko aukera izan zuten han, trikiti soinuekin lagunduta. 

 

Elkartruke aberasgarria izan zen. Beroa eta hunkigarria. Autobusa hartu, eta irrifar bat eta burukomin piska batekin, gero arte esan genion Candasi.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide