Ikurriña jasoz hasi dituzte Sandonato eta Sanlorentzoak

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2013ko abu. 7a, 09:21

Euriak ere errespetatu ditu txupinazoa eta kalejira

Txupinazo berezia izan da aurtengo Sandonato eta Sanlorentzoei hasiera eman diena. 19:00etan zen jaiei hasiera ematen dien itxaferoa botatzeko hitzordua, baina zertxobait beranduxeago atera ziren kultur etxe zaharreko balkoira festa batzordek kideak. Izan ere, aurtengo Sanferminen txupinazoa hartu dute gogoan eta Jon Ander Zaldua festa batzordeko kideak mikrofonotik adierazi zuenez, Aian ez dira festak hasiko ikurriña handi bat jaso arte. Horrela bada altxa zuten gora Euskal Herriko bandera eta festak ondo pasatzeko gonbita egin ondoren, txupina bota zuten, 2013ko Sandonato eta Sanlorentzoei ongi etorria eginez.

Danbatekoarekin batera atera ziren trikitilari eta buruhandiak kalejiran. Euri-tanta gutxi batzuk hasi baziren ere, berehala atertu zuen eta giro onean egin ahal izan zioten herriari buelta buruhandi, musikari, haur, gazte eta helduek. Iturri kalean atseden hartu eta galleta batzuekin indarrak berreskuratuta, plazan bukatu zen kalejira.

Herri afarian elkartu ziren gero aiar asko eta asko, 200en bueltan, hain justu. Izer, Alabier eta Lutxurdio trikitilariek alaitu zuten jan-edana.

Txupinazoaren argazki gehiago ikusteko klikatu hemen; kalejirakoak hemen, herri afarikoak hemen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide