Orioko Turismo Bulegoak antolatuta, Donostiako su artifizialak itsasotik, baporetik, ikusteko aukera izango dugu aurtengoan ere. Abuztuaren 10etik 16ra bitartean izango dira Donostian Aste Nagusiaren baitako suak eta egun horietarako guztietarako jarriko dute prest ontzia Orioko kirol portuan. 21:30ean aterako da itsasontzia eta suak ikusi eta entzun ondoren bueltatuko da berriz Oriora.
Eskaintzaz baliatu nahi duen orok alde aurretik eman beharko du izena Orioko Turismo Bulegoan bertan, 943 835 565 telefono zenbakira deituta. 20 euroko prezioa du itsas-ibilaldi bakoitzak; 10 eurokoa 12 urtez azpiko gaztetxo eta umeen kasuan.
Behin lekua hartuta, egun bertan Orioko kirol portura hurbildu besterik ez du egin behar interesatuak. Hori bai, jertsea edo txaketa eramatea gomendatzen dute Turismo Bulegoko arduradunek.
Azken urteotan urtero eskaintzen da gurean Donostiako suak beste ikuspuntu batetik ikusteko aukera. Garraio arazorik gabe, Kontxako Badiaz gozatzeko ere baliatzen dute irteera bidaiariek, gainera.