Meza nagusiaren ondoren hasi dira XXXV. Pilota Txapelketako finalak, Aiako frontoian. Euria mehatxuka, ikuslea babesera hurbildu da pilota partidez gozatzera.
10 urte bitarteko haurren arteko partida jokatu da aurrena. Ahal duten guztia eman dute pilotalekuan Unai Albenizek eta Aitzol Iruretagoienak –urdinez– eta Josu Urruzolak eta Julen Orbegozok –gorriz–. Urdinak nagusitu dira 16-9ko emaitzarekin.
15 urte bitartekoen txanda izan da atzetik. Indartsu hasi dira Jon Aranberri eta Iker Arruti, gerriko gorria soinean dutela. Abantaila txiki bat ere lortu dute hasieran, baina indarrak parekatzen joan dira gero. Lehian buru-belarri sartu dira Lorentz Orbegozo eta Odei Exposito, eta, berdinketak puskatuz aritu dira bi bikoteak. Azkenean, urdinek lortu dute 18 tanto egitea. 4 tantora geratu dira gorriak.
Helduak etorri dira atzetik. Lau eta erdiko norgehiagokaz gozatu dute lehendabizi frontoian zeudenek. Parez pare ibili dira Urko Aldalur eta Jon Pagadizabal eskua berotu artean. Ondoren, Aldalurrek, tantoka-tantoka, tartea ireki du, emaitza bere aldera jarriz. 22 eta 12 bukatu da partida eta Aldalurrek jantzi du txapela.
Binakakoa izan da azkeneko partida. Josu Urbietarekin eta Ander Goikoetxearekin neurtu behar izan dituzte indarrak Xabi Azpiazuk eta Igor Iturainek. Joko bizi-biziarekin, tanto politak egin dituzte.
Pilota partidetako argazkiak ikusteko klikatu hemen.