Goizetik iluntzera arte umeak izan ziren protagonista atzo, abuztuaren 8an, Aiako Sandonato eta Sanlorentzo festetan. Euri zaparradak esnatu zituen herriko txikienak eta frontoian egin behar izan zituzten goizeko jolasak: bizikleta eta moto lasterketak, zaku-karrerak, lokots-bilketak...
Poxpolo eta konpainiaren ikuskizuna ikustera ere haur, gaztetxo eta heldu asko hurbildu ziren pilotalekura, arratsaldez. Pailazo ezaguna dute Poxpolo Aian, urtero egiten baitie bisita herritarrei. Barre-algaren ondoren, Gorriti eta bere animalien txanda izan zen. Txiki geratu zen Gozategi plaza, jendez beteta.
Umeen eguneko kalejira berezian bildu ziren ondoren festazaleak. Herriguneari buelta eman zioten Porrotx eta Poxpolo erraldoiek eta buruhandi txikiek, ohiko buruhandiez eta trikitilariez lagunduta. Umeen egunean bakarrik ateratzen dira erraldoiak eta buruhandi txikiak eta ondorioz, kalejirarik jendetsuena egun horretakoa izaten da.
21:30ak arte Egan taldearen erritmora dantzan aritu ostean, Aian kantuz-kantari herritarren kantu emanaldia izan zen estreinakoz. Jarraian, Egan oholtzara igota luzatu zuten gaua parrandazaleek.
Umeen eguneko argazkiak ikusteko klikatu hemen.
Abuztuaren 9ko egitaraua
- 11:30ean, toka txapelketa irekia eta sardina-jana
- 16:00etatik 19:30era, zakurren erakustaldia Club Txapeldunaren eskutik
- 19:30ean, kalejira buruhandiekin
- 24:00etan, karroza
- Ondoren Abiba DJarekin dantzaldia
Abuztuaren 10ean, San Lorentzo eguna
San Lorentzo egunarekin agurtuko ditugu festak Aian. Goizetik hasita, ekitaldiz betetako eguna izango da abuztuaren 10a: pilota partidak, herri kirol jaialdia, erromeria, su artifizialak, DJ... eta traka.
- 08:30ean, diana herriko kaleetan zehar
- 11:00etan, meza nagusia
- 12:00etan, pilota partidak.
- Lau eta erdian, Mitxelena-Oronoz
- Binaka, Mikel Goñi-Garmendia / Chafe-Altuna
- Ondoren, edadetuei eskainitako bazkaria
- 17:30ean, herri kirol jaialdia
- Euskadiko 3. mailako aizkora kanporaketa
- harri-jasotzaileen erakustaldia
- Ondoren, kalejira herriko kaleetan zehar, trikitilari eta buruhandiekin
- 22:30ean, erromeria Ainara, Xabo ta Galdoxekin
- 23:00etan, su-ziriak Pirotecnia Zaragozanaren eskutik
- 01:00ak arte, traka erre bitartean, erromeria Ainara, Xabi eta Galdoxekin.
- Ondoren, Xabi Arostegi DJaren emanaldia