Abuztuaren 8az geroztik, zazpi gaikako birziklapen gune gehiago ditugu Orion. Izan ere, launa edukiontzi berri –papera eta kartoia jasotzeko urdina, plastikoa biltzeko horia, bio-hondakinarentzako marrroia eta errefuxa botatzeko grisa– jarri ditu Udalak Herriko Plazan eta herriko sei jolas-parketan: Hondartzakoan, Arranplakoan, Baxoaldekoan, Anibarko Portukoan, Goiko Kalekoan ea Azkue jolas-parkean. Gaikako edukiontzi horiek jarrita, toki horietan orain artean zeuden plastikozkoak eta metalezkoak kendu egingo dituzte gainera.
Edukiontzi berriak jarri eta zaharrak kentzeak 3.486 euroko aurrekontua du (BEZ gabe) eta herritarrei birziklatzeko erraztasunak ematea du helburu.