"Izarren argia" filma eskainiko dute abuztuaren 10ean Orioko hondartzan

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2013ko abu. 9a, 10:48

"Zinea kalean" egitasmoaren baitako 2013ko udako azken filma izango da eta euskarazko bertsioan emango da

Fikziozko film gordin bat dakar oraingoan Zinea kalean egitasmoak Orioko hondartzara. Mikel Ruedak zuzendutako Izarren argia pelikula proiektatuko dute bihar, abuztuaren 10ean, 22:30ean hasita. Euskaraz emango dute. Barbara Goenaga eta Itziar Lazkano ditu protagonista nagusi 2009 eta 2010 artean produzitutako film honek.

1938ean Saturrarango emakumeen kartzelako bizipenak ditu ardatz Ruedaren lehen film luze honek. Espainiako Gerra Zibilean kokatuta, han gertatutako bidegabekeriei ahotsa eman die zuzendariak lan honekin.

Errepublikar baten alarguna da Victoria eta ahizparekin eta semearekin batera sartuko dute kartzelara. Erregimen frankistak ezarritako zentzugabekeriaren lekuko zuzenak izango dira Victoria eta gainerako emakume presoak.

Saturrarango emakumeen kartzela mesedetako mojen ardurapean dago. Preso dauden emakumeei haurrak kenduko dizkiete erregimenaren aldeko familien esku uzteko, Espainiaren onerako dela argudiatuz. Emakume presoen bizitza amesgaizto bihurtuko dute horrela.

Semearen galerak eta etsipenak bultzatuta, Victoriak aurre egingo dio kartzelako zuzendariari gainerako presoekin batera. Zigorrak eta irainak jasango ditu, ihes egiten saiatuko da, baina azkenean egoera horretan bizitzen ikasiko du, semea berreskuratuko duen itxaropenaz. Izan ere, guztia galdu dugunean, itxaropenak soilik salba gaitzake.

Informazio gehiago hemen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide