Agur Donato, adio Lorentzo, datorren urtera arte satorra!

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2013ko abu. 11a, 14:51

Bukatu dira 2013ko Sandonato eta Sanlorentzo festak

San Lorentzo egunarekin, abuztuaren 10arekin, bukatu dira 2013. urteko Aiako herriguneko udako jaiak; gutxiago falta da 2014ekoak ailegatzeko; berriz ere Sandonato eta Sanlorentzoak ekartzen dituen satorra gurera etortzeko. Jaietako azken eguneko ohiturei jarraituz, karameloak eta ur edota airez betetako globoak izan ziren txikienentzako protagonista. Izan ere, buruhandien kalejira eta piñatak bukatzerako, kultur etxe zaharreko balkoian zain zeuden jai batzordeko kideak, bertaratu zirenei opariak eskaintzeko. Karameloren bat hartu nahian, urez betetako globoak harrapatu eta goitik behera mela-mela egindakoren bat baino gehiago izan ziren atzo Gozategi plazan.

Gauean, su artifizialak ikusi eta Ainara, Xabi eta Galdox trikitilariek jarritako erritmoari segiz, hankak astindu ondoren, traka zaratatsuaren txanda izan zen. Jaien bukaera iragarrita, ordu txikiak arte Arostegi DJak jarritako musika izan zen nagusi Gozategi plazan.

Agurrez gain, batez ere, kirol tradizionalen eguna izan zen hilaren 10a. Lau eta erdiko eta binakako pilota partida bana izan ziren goizean, 12:00etan hasita.  Arratsaldean, berriz, Euskadiko 3. mailako aizkora kanporaketa jokatu zen frontoian. 10 aizkolariren arteko lehia izan zen: Julen Alberdi Zinkunegi, Jokin Alkizalete Urkola, Xabier Dorronsoro Ariz, Xabier Garcia Aginako, Aritz Goñi Belza, Done Intxausti Ginea, Mieltxo Mindegia Mutuberria, Jose Mari Teietxea Etxebeste, Eneko Otaño Aizpurua eta Aitor Urteaga Aldasoro. 54 ontzako launa enbor moztu behar izan zituen aizkolari bakoitzak. Horrez gainera, aizkolarien txanda aldaketek utzitako tarteetan harri-jasotzaileen erakustaldiak izan ziren.

San Lorentzo eguneko argazkiak ikusteko klikatu hemen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide