Aliron, aliron, aliron. 2013ko hirugarren bandera

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2013ko abu. 11a, 15:19

Pasaiako bandera ekarri du Oriok etxera eta TKE Liga irabazteko lehia estutu du

VIII. Bandera Marina de Cudeyo, uztailaren 13an, IV. Iberdrola Bandera, uztailaren 20an, eta III. Bandera Autoridad Portuaria de Pasaia, abuztuaren 11n. Hiru bandera ekarri ditu, oraingoz, Oriok herrira aurtengo denboraldian. Hiru aldiz jaitsi da txaranga Errusta paretik plazara atzean San Nikolas ontziko protagonistak dituela, bandera sorbalda gainean hartuta. 

Pasaiako uretan lortu du Oriok azkena eta Ligako garaipena lortzeko bere asmoa agerian utzi du. Sailkapen orokorra asko estutu du Oriok, aurretik lider zegoen Kaikuri 5 puntu janda; 4 puntutara dago orain Orio.

Zarauzko urtean izango dute hurrengo estropada, datorren asteburuan. Arraunzale askoren iritziz Zarauzko estropada irabazten duenak Kontxako Bandera preziatua eskuratzeko aukera handiak izaten ditu. Hortaz, eta gaurko garaipenak emandako indarrak baliatuz, gogotsu aterako dira oriotarrak TKE Ligako 14. eta 15. jardunaldietako bandera irabazteko asmoz.

Pasaian sorpresa

2013-Pasaiako banderaIndartsu atera da Orio hasiera-hasieratik. Lehen ziabogara iristerako aurrea hartu du San Nikolas ontziak. 2 segundo Kaikuri, 3 Urdaibairi eta 6 Astillerori. Bereari segi dio Oriok, abantailari eutsi nahian. Kaiku atzean geratu da pixkanaka eta Urdaibai eta Orioren arteko lehia bizi-bizia izan da. Segundo bateko aldea izan dute biek bigarren eta hirugarren ziabogetan eta bi segundo pasatxoko tartea atera dio azkenean Oriok –19:54:16– Urdaibairi –19:56:82–. Hondarribiz izan da hirugarren. Seigarren izan da Kaiku.

Hondarribian, laugarren

9 puntu ekarri zituen larunbatean Oriok Hondarribiatik. Laugarren izan zen San Nikolas, estropada irabazi zuen Kaikurengandik ia 16 segundora. Urdaibai eta Astillero izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.

Neskak hirugarren

Denboraldiko lehen bandera irabazi du Hibaikak, Txingudiko VIII.Bandera estropadan Zumaiari aurre hartuta. San Juan, aldiz, kanporatua izan zen bigarren luzean eta hortaz, laugarren zihoan Oriok hirugarren postua hartu zuen. 5 minutu eta 55 segundo behar izan zituzten Orioko neskek proba bukatzeko, Hibaikak baino 27 segundo gehiago.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide