Alboko leihotik barrena sartu dira bart gauean lapurrak Iñaki Olidenen harategira. Burdin hesia tolestu eta zirrikitutik pasa dira, goizeko hiruak aldera. Bazterrak pixka bat nahastu eta dendan zeuden txanponak eraman dituzte. Hesia hausteko erabili dituzten bihurkinak, berriz, harategian bertan utzi dituzte. Ertzainak egin dira tresnen kargu, aztarnarik edo badagoen ikusteko.
03:00etan soinu txiki bat –zerbaitek erortzean egiten duen modukoa– entzun du harategi alboko etxebizitzako bizilagun batek, baina ez du abisurik eman ezer ez zelakoan.
Hirugarren aldia
Hiru aldiz sartu dira lapurrak Eusko Gudariko Oliden harategira. Duela 3 urte izan zen bigarrena eta orduan ere alboko leiho batetik –beste txikiago batetik– sartu ziren. Triskantza handia egin zuten orduan eta diruaz gain, genero asko eraman zuten lapurrek. Aurreneko lapurreta, berriz, kanpoko pertsiana puskatu eta barrura sartuta egin zioten.
Iñaki Olidenek esan digunaren arabera, hiru kasuetan harategira sartzeko erabilitako tresnak harategian bertan utzi dituzte lapurrek.