Uztailaren 30ean hasita, Eusko Gudari eta Arrantzale kaleak lotzen dituen pasabideak txukuntzeko lanetan ari dira Murgil enpresako langileak. Alde batetik, bi pasabideetako irisgarritasuna bermatu nahi du Udalak eta argiteria berritu eta pasabideen itxura aldatu nahi ditu, bestalde.
Hilabete bana beharko du Murgilek pasabide bakoitzeko zereginak hasi eta bukatzeko. Horrela, abuztua bukatzerako irekiko dute Gaboneko zuloa. Bi hilabeteko atsedenaldiaren ondoren, azaroan txukunduko dute bigarren pasabidea.
60.000 euroko aurrekontua dute lanek.
Eskailerak kendu eta aldapak leundu
Pasabide bakoitzaren hasieran eta bukaeran aldapa berriak egingo dituzte proiektu honen arabera. Gaboneko zuloari dagokionez, alderik aldeko aldapa egingo dute Arrantzale kalea aldera, eta Eusko Gudari aldera, aldiz, –Nahikari zapata-dendaren sarrera errespetatuz– bidearen erdia bakarrik hartuko du aldapak. Bi kasuetan, orain arte zeuden eskailerak kentzeaz gain, aldapa leundu egingo dute, ez dadin horren pikea izan.
Bigarren pasabideak, aldiz, alderik aldeko bi aldapa izango ditu.
Lurra ere berrituko dute. Erronbo erara jarritako zeramikazko baldosa gris eta beltzak jarriko dituzte, dama-jokoko taula gisa. Udal ordezkariez gain, herriko merkatariek ere hartu dute parte lurraren aukeraketan.
Azkenik, pasabideko paretak apaintzeko asmoz, koadro batzuk jarriko dituzte paretetan. Lamina horiek nolakoak izango diren erabakitzeko dago oraindik.