2013ko Ohorezko mailan azpi-txapeldun eta Erreginaren kopan hirugarren izateagatik Europako Kopa jokatzeko txartela lortuta, Bulgariara joango dira Orioko Bate Bizkorrak sofbol taldeko neskak abuztuaren 19an. Dupnitsa hiriak hartuko ditu jokalariak hilaren 24a arte, bertan jokatu beharko baitituzte Europako Kluben Koparen baitako partidak.
Aurkari gogorrak izango dituzte aurrez aurre Orioko taldeko neskek. Izan ere, hainbat herrialdetako txapelketetako irabazleen aurka arituko dira: Frantziako Les Comanches, Britainia Handiko London Angels, Kroaziako Princ, Greziako Faros, Poloniako Szostka Brzeg, Suitzako Eagles, Errumaniako Angles eta Bulgariako Akademiks. Banan-banan, guztien kontra jokatu beharko du OBBk, astelehenean, hilaren 19an, hasi eta ostirala arte. Partida horietan lortutako emaitzek erakutsiko dute, abuztuaren 24ean, zeinek izango duten domina jokoan.