Zarauzko estropadarekin agurtu dute Gipuzkoako Emakumezkoen IV. Traineru Liga Orio Arraun Elkarteko neskek. Zumaiarekin, San Juanekin eta Hibaikarekin batera, Ohorezko Txandan aritu dira gureak aurtengo denboraldian. Salbuespen gutxi tarteko, laugarren izan dira oriotarrak ia estropada guztietan; koska bat gorago ditu oraindik kontrarioak. Baina, aurrera begira jarrita, talde berria da oriotarrena eta hobetzeko tarte handia daukate.
Zarautzen ere laugarren
Zumaiarentzat izan zen atzo, abuztuaren 15ean, Zarauzko estropadako bandera; erraz irabazi zuten, gainera, bigarren izan zen San Juani 15 segundotik gorako tartea aterata. Hibaikak pasaitarrekin izan zuen lehia, berriz, estu-estua izan zen. 71 ehunen gehiago behar izan zituen Hibaikak azkenean. Orio izan zen laugarren, zumaiarrengandik 41 segundo eta 14 ehunera, kronometroa 11 minutu, 28 segundo eta 94 ehunen geratuta.
Denboraldiari errepasoa
Zortzi estropada jokatu dituzte 2013ko udan Gipuzkoako Emakumezkoen IV. Traineru Ligaren baitan. Trintxerpen jokatu zen aurtengo estreinakoa, uztailaren 6an. Denboraldi osoko gutxi gorabeherako joera zein izango zen erakutsi zuten ontziek lehenengo jardunaldi hartan: Zumaiak zeinen indartsu eta gogotsu dagoen erakutsi zuen –zortzitik zazpi bandera lortu dituzte zumaiarrek–; eta Oriok, berriz, bosgarren egin zuen, Bizkaiko ontziak aurre hartu baitzion.
Pedreñako –uztailaren 13an–, Donostiako –uztailaren 14an–, Pasai Donibaneko –uztailaren 20an–, Plentziako –abuztuaren 3an– eta Getariako –abuztuaren 4an– estropadetan sailkapen ber-bera errepikatu zen Ohorezko txandan: Zumaia aurrena, San Juan bigarren, Hibaika hirugarren eta Orio laugarren.
Hondarribiako estropadak, aldiz, sorpresa ekarri zuen, sanjuandarrak estropadatik kanpo geratu baitziren eta Hibaikak denboraldiko lehen eta azken garaipena lortu baitzuen. Zarauzko estropadan ohiko emaitza errepikatu zen.
Zumairentzat izan da, hortaz, Liga, 55 punturekin. Hibaika izan da bigarren 42 punturekin. San Juanek ere 42 puntu ditu, baina erregularragoa izan bada ere, Hondarribian kale egin izanak hirugarren postura eraman ditu. 32 punturekin bukatu du liga Oriok; 23rekin Bizkaiak, 14rekin Zarautzek eta 13rekin Hondarribiak.