Gipuzkoako taldekako giza-proba txapelketako txapela buruan, aurtengo denboraldiaren errepasoa egin digute Heldu! herri kirol taldeko mutilek. Txapelketako urduritasunak lasaitasunari utzi dio lekua eta hausnarketa eta baloraziorako tartea hartu dute Karkararentzat. Pozik daude lortutako emaitzarekin, baina hala ere guztiarekin konforme ez eta aurrera begira jarrita daude dagoeneko, berriz ere indarrak hartuta.
Gogorra izan al da txapelketa?
Aurreko urteetako tankeran prestatu dugu txapelketa. Astean hirutik gora lan-saio egin ditugu azken hiru hilabeteetan, eta, denbora mordoa da hori. Iluntzean biltzen gara, lanetik libratzen garenean eta ahal den moduan.
Dena den, aurretik ere egin ditugu erakustaldi batzuk eta abar eta haiek ere baliatu ditugu sasoian jartzeko.
Sorpresa ederra izan zen zuek, harriari lotuta, korrika egiten ikustea. A zer oihuak Aiako probalekuan ikuskizunaz gozatzen zeudenen haienak!
Taldeko Hodei Alkorta mendian korrika asko ibiltzen da eta hari okurritu zitzaion. Hark esan eta denok probatu! Gauza berriak probatzeko prest egoten gara beti.
Plaza batean nahikoa ondo joaten ginen, baina hortik gorakoak ezin genituen egin; hauspoa faltatzen zitzaigun. Harria ikaragarri azkar joaten zen behin abiadura hartutakoan, baina hankei eman egin behar eta... Gure gorputzak eman dezakeena aztertu behar izan dugu, zenbat nekatzen garen ikusi eta horren arabera korrika plaza gehiago egiteko entrenatu. Korrika aritzeak merezi zuen ala ez nahi genuen ikusi.
Hala ere, txapelketan ez genuen ondo aprobetxatu aukera. Korrika hasterako nekatuta geunden. Txanda hasterako hitz eginda geneukan zenbagarren plazak egingo genituen korrika. Landuta geneukan estrategia, baina inprobisatu egin behar izaten da, indarrak laguntzen duten ala ez ikusita.
Horrez gainera, sorpresa bera aldeko genuen. Aiztondokoak harrituta geratuko ziren seguru asko, zer egin behar ote genuen jakin gabe. Probalekuko ikusleak ere segituan hasi ziren garrasika eta txistuka. Horrek guztiak indarra ematen digu guri eta aurkariari kendu, nolabait. Proba puskatzera atera ginen.
Hala eta guztiz ere, askoz hobeto egin dugu aurretiko prestaketa saioetan. Baina txapelketa ezberdina izaten da: deskantsurako denbora gutxiago, jendearen presioa eta garrasiak... zaila da dena ondo ateratzea.
Zuen burua atzetik ikusteak ere izango zuen zerikusirik, ez?
Aurreneko buelta atzetik bukatuko genuelako ustea bagenuen. Bi harriak ezberdinak ziren eta bigarren txandakoa eramateko errazagoa zela jakitun ginen. Harri batetik bestera aldea zegoen eta txapelketak agerian utzi zuen hori, talde guztien zenbakiak begiratuta argi ikusten baita Aiako harria hobea zela.
Berrobik nahikoa zail jarri zizueten garaipena.
Ustez, Urretxu genuen aurkaririk gogorrena. Txapelketa bi taldetan banatuta egin da eta talde batean geroni izan gara aurrena eta Urretxu bestean. Hortaz, haiek estutuko gintuztela uste genuen, baina ez zuten egun ona izan. Bi mutil edo aldatu behar izan zituzten, mina hartuta zeudelako eta... atzean geratu ziren. Ez da jakiten. Beti nahi izaten dugu alboan kontrariorik gogorrena izan, txanpa ona egiteko, baina zoriz aukeratzen dira txandak eta!
Adibidez, Orioko kanporaketan lau plazako aldea atera genion Berrobiri. Hurrengo proba bi aste beranduago jokatu genuen, Mendaron. Han, berriz, bi metro besterik ez genizkien atera. Aurkari gogorrak dira; sufritzen asko dakite.
Aiztondoko taldea ere guk uste baino hobeto ibili zen txapelketan.
Leher eginda bukatuta bakarrik irabaziko genuela bagenekien. Eta halaxe bukatu genuen, dobla-dobla eginda.
Ikuslegoaren babesa sentitu al zenuten?
Egia esan, harriari tiraka, indarrak neurtu nahian zabiltzan momentu horretan ez duzu askorik entzuten. Gurera jarrita joaten gara, kontzentratuta. Bi momentu puntual ditugu gogoan, oihuen eta txistuen bolumena asko igo zelako: lehen aldiz korrika hasi ginenekoa eta bukaera aldera, Aiztondoren pare-parean jarri ginenean. Momentu horretan indar asko eman zigun, bai, erritmoa igo egin genuen; laguntzen du bai. Hala ere, horrelako marruek badute desabantaila ere: ez genuen batak bestea entzuten. Imanolen aginduak ere ez genituen aditzen. Gainera, hartarainoko pasara geneukan gainean... momentu horretan gauzak garbi ez badizkigute esaten... ez zaigu kazkezurrean sartzen. Ez gaude buruari bueltak emateko moduan.
Noiz konturatu zineten txapela zuena zela?
Ba, bigarren hamabostekoa hasi eta 5 bat minutura edo. Urretxuk aurreneko txanda oso kaskarra egin zuen eta Berrobiri begira jarri ginen. Erritmoa asko jaitsi zuten bigarren txanda hasi eta segituan eta txapela guretzako izango zela konturatu ginen. Izan ere, oso zaila da denbora aurrera joan ahala erritmoa altxatzea. Gure eta haien denborak konparatuz, aurretik ginen.
Dena primeran, hortaz, txapelketari dagokionez.
Beno, itsuskeria bat aipatu nahi genuke. Onartzen ditugu txapelketa bat antolatzeak dituen arriskuak. Ondo atera liteke ala ez hain ondo, jendearen erantzunaren arabera. Oraingo honetan baina, oso ondo atera zen, jende asko hurbildu zen, eta, hori sarrera bakoitza 10 eurokoa zela kontutan hartuta. Hortik, gure sariak (500na euro taldeko) eta epaileen dagokiena ordainduta, antolatzaileek irabazi dezente izango zuten.
Txapelketa prestatzeko, ordea, entrenamendu saio batzuk egitea ezinbesteko zaigu parte hartuko dugun taldeoi. Talde bakoitzari bina saio eman dizkigute egiteko, doan. Hortik aurrerakoak ordaindu egin behar izan ditugu. Bi saio gutxitxo izan direla argi geratu da, talde guztiok egin baititugu gehiago. Hori horrela izanda, zer kostatzen da ba dena ematera joan diren mutil horiei zorra barkatzea, batez ere diruak haien izerdi usaina duenean?
Horrelako kontuak konpontzeko dauzkagu.
Datorren urteko txapelketari begira jarri al zarete?
Beno, urruti samar dago eta pentsatu egin beharko dugu. Taldea osatzen bada, aurkeztuko garela pentsatzen dugu. Urtero ibiltzen gara taldea osatzeko zailtasunekin. Aurten ere justu-justu ibili gara, 8 lagunekin.
10-12 laguneko koadrilak dira beste talde batzuk. Dena den, horrek ere baditu desabantailak: mutil batzuk kanpoan utzi behar izaten dira. Eta guk ez daukagu horrelako gaitasunik. Kirol hau gustatzen zaigulako ibiltzen gara giza-proban, lagun artean. Zeinek esango dio bateren bati hi kanpoan eta hi barruan, nik tirako diat eta hi begira egon hadi? Gure kabuz ibiltzen gara, entrenatzailerik gabe eta horrelako erabakiak hartzea oso gogorra egingo litzaiguke.
Nola animatuko zenukete jendea giza-proba probatzera?
Kirol polita da. Dena ez da indar kontua, kanpotik ematen duen bezala. Ez da astakiloen kirola. Teknika badauka, baina talde txikia izanda, segituan hartzen zaio. Hortaz, berehala sartzen da berria taldean. Horrez gainera, sekulako giroa daukagu, lagunartea. Entrenamenduen ostean ere elkarrekin afaltzen dugu askotan. Daukagun giroari esker segitzen dugu guk.
Oporrak al datoz orain?
Ez oraindik. Pare bat erakustaldi hitzartuta dauzkagu eta horiek egingo ditugu aurrena. Ergobian izango gara hil honetan bertan, 23an, eta Aizarnazabalen datorren irailean, guztiz konfirmatzeko badago ere.
Dena den, beste erritmo batean ibiliko gara orain. Guk ere lasaixeago ibili nahi dugu hemendik aurrera. Lotura hori pixka bat askatu eta deskonektatzeko beharra ere badaukagu.