Mallabiko harri-jasotze txapelketa irabazi du Izeta III.enak

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2013ko abu. 19a, 11:30

Izeta II.ak ezin izan du Igeldoko harria txapelketa 10. aldiz erreskan irabazi

Txapelketaz txapelketa dabiltza Aiako eta Orioko harri-jasotzaileak egunotan. Ama Birjinaren egunaren bueltan, esaterako, bi txapelketa jokatu dira: Mallabian bat, abuztuaren 15ean eta Donostian, bestea, hilaren 17an. Bietan izan dira Izeta III.ena aiarra eta Aimar Galarraga oriotarra. Donostiako Trinitate Plazan jokatutako Igeldoko harria txapelketara bakarrik aurkeztu dira gainerako izetatarrak –Izeta I, Izeta II eta Izeta IV– eta Joseba Ostolaza.

Mallabiako XXIII. Harri-jasotze saria Aiara

Zazpi harri-jasotzaileren arteko lehia ikusi ahal izan zen nagusi Mallabiako XXIII. Harri-jasotze sariaren baitan abuztuaren 15ean. 17:30ean hasita, 100 kiloko zilindro zaharra eta 100 kiloko bola altxa behar izan zituen kirolari bakoitzak. Bosna minutu izan zituzten harri bakoitzarekin lanean jarduteko.

Harri zaharrarekin hartu zuen aurrea Izeta III.ak. 50 altxaldi egin zituen aiarrak. Gertutik jarraitu zioten lehen txanda hartan Inharrek –47 aldiz jasota harria– eta Lopetegiak –46 altxaldirekin–. 34 jaso zuen gora zilindro zaharra Aimar Galarragak.

Bolarekin ere fin aritu zen Izeta III, 37 aldiz berdinduz harria sorbaldan. 35 egin zituen Inharrek eta, hortaz, aiarrarentzat izan zen txapela.

Irigoien nagusi Igeldoko harriarekin

Bederatzi urtez jarraian irabazi du Izeta II.ak Igeldoko harria txapelketa. 10. aldiz irabazteko gogoa zuen aiarrak, baina Aimar Irigoienek zapuztu dio asmoa, txapela Errezila eramanez.

Abuztuaren 17an jokatu zen Igeldoko harria txapelketaren 22. edizioa, Donostiako Aste Nagusiaren baitan. Trinitate Plaza jendez beteta zegoela ekin zioten bederatzi harri-jasotzailek lanari.

Bost minutuko denboran nork altxaldi gehiago egin; horixe zen erronka. Eta Aimar Irigoien izan zen abilena, trebeena: 18 aldiz jaso zuen forma bereziko harria, 19 jasoalditako markara hurbilduz. 16 bider altxa zuen Izeta II.enak; 13 jasoaldi egin zituen Joseba Ostolazak; 13 Iban Ugartemendiak; 11 Urtzi Telleriak; 9na Izeta III.enak eta Izeta IV.enak; 7 Izeta I.enak; eta 6 Aimar Galarragak.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide