Betizuak eta pottokak gertutik ezagutzeko irteera antolatu dute Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioko arduradunek abuztuaren 23rako, ostiralerako. Jose Mari Plazaola eta IƱigo Agirre albaitarien gidaritzapean, euskal arrazako basa-behi eta zaldi horiek baserrian betetzen duten funtzioa, bilakaera eta iraungipenaren arrazoiak aztertuko dituzte ibilaldira animatzen direnek. Horrez gain, animaliak begi-bistan direla, arraza horiek berreskuratzeko Pagoeta parkeak abian jarritako ekimenak zein diren azalduko dute Plazaolak eta Agirrek Sarrola baserriaren atarian.
Euskal Herriko animalia arraza horiek ikusi eta aztertu nahi dituen edonorentzako moduko txangoa da Pagoeta parketxean barrena egingo dena eta bi ordu eta erdiz jakin-mina asetzeko aukera paregabea eskaintzen du. Interesa duen orok Iturrarango aparkalekura jo beharko du abuztuaren 23an, 10:30ean. Gutxienez 8 laguneko eta gehienez 50 pertsonako taldea osatzen bada, parketxetik 5 minutura dagoen hasiera puntura autoz joango dira, handik pottokez eta betizuez gozatzen hasteko.
Hiruna euro ordaindu beharko du 5 eta 12 urte bitarteko haur bakoitzak bisita gidatuan parte hartu ahal izateko. Heldu bakoitzak, berriz, bost euro pagatu beharko du.