TKE Ligaren baitako bi jardunaldi jokatu behar dituzte Orioko Arraun Elkarteko San Nikolas ontziko mutilek asteburu honetan. Kontxako estropada garrantzitsura begira, indarrak neurtzeko aproposak izango dira Portugaleteko eta Castroko estropadak.
Astebete falta da Kontxako badiako lehen saioa jokatzeko. Abuztuaren 29an izango da aurtengo sailkapen estropada eta hara begira jarrita dago dagoeneko arraunzale asko. Bitartean, gogor eta gogoz ari dira prestatzen oriotarrak. Horren lekuko izan nahi duenarentzat, atzoko prestaketa saioan hartutako irudiekin osatutako bideoa zintzilikatu dugu sarean –KAE Ligan arraun egiten duten taldearena zintzilikatuko dugu bihar; eta emakumezkoen traineruarena datorren asterako geratu zaigu–.