Denboraldiak aurrera egin ahala gora egin du Orio Arraun Elkarteko KAE Ligako ontziak. Aurtengo estropadak gogorrak izango zirela argi geratu zen lehen estropadetan, sailkapeneko azkeneko postuetan helmugaratu baitzen Orio. Pixkanaka-pixkanaka emaitzak hobetuz eta sailkapenean tarteak gutxituz joan dira baina oriotarrak eta abuztuaren 24an Camargon jokatutako estropadan KAE1n segitzeko txartela lortu zuten. Zarautzi aurrea hartu behar zioten kategoriari eusteko eta Zarautzez gain, Busturialdea ere laga zuten atzean denboraldiko azken estropadan.
Hamabi estropada jokatu dituzte ekainaren 23an, Zierbenako Petronor Bandera jokoan jarri zenetik pasa den larunbata arte. Horietatik hiru aldiz geratu dira azkenak –kanporatuak izan ziren Orioko Bixigu Eguna estropada barne–. Etxean lortutako emaitza kaskarretik liga bukatu arte gora egin dute, ordea, eta azken bi norgehiagoketan, esate baterako, zortzigarren izan da San Nikolas ontzia. 41 punturekin bukatu dute denboraldia, Zarautz –40rekin– eta Camargo –19rekin– atzean utzita. Bi puntura geratu zaie, aurretik, Busturialdea-Elantxobe.
Kantauriko Arraun Elkarteen Ligan jarraituko du, hortaz, Oriok datorren urtean ere. Zarautzek, berriz, Play-offeko estropada jokatu beharko du Hondarribia B-rekin eta Deusturekin batera. Lehia hori irabazten duena arituko da 2014an KAE1en, Oriorekin eta beste 10 ontzirekin batera. Camargok, aldiz, KAE2n jokatuko du.