Bi egun besterik ez dira falta aurtengo Kontxako estropadako sailkapen jardunaldia jokatzeko. Abuztuaren 29an, ostegunarekin, jakingo dugu zein ontzi arituko diren lehian bandera preziatua etxera ekartzeko. TKE Ligako bandera Kaikurentzat izango dela jakinda, Donostiara begira jarrita daude dagoeneko arraunzale guztiak. Estropada berezia da Orioko zaleentzat ere zalantzarik gabe; sentimendu bereziak sortzen dituen egunak izaten dira arraunari hain lotuta dagoen herri batean.
Arrauna gora eta arrauna behera; arrauna da –eta izango da– asko eta askoren hizketa-gai egunotan. Guk ere hizketaldia izango dugu Igor Makazagarekin, Orio Arraun Elkarteko San Nikolas ontziko mutilen entrenatzaile eta arraunlariarekin.
Asteburu zoroa izan da. Zer balorazio egiten duzue?
Amorratuta etorri gara pixka bat. Udara guztian, bi egunak orotara hartuta, kaleen nahiz txanden artean alde handiena egon den asteburua izan da, seguru asko; eta guk, hain justu, ez dugu ba zorte handirik izan; ez larunbatean –abuztuaren 24ean– eta ezta igandean –abuztuaren 25ean– ere. Alde horretatik amorratuta etorri gara, baina bestalde, mutilek egindako lanarekin oso gustura. Lehengo astetik hona ere beste pauso bat eman dugula ikusten dugu; eta batik bat, horrenbeste mimorekin prestatzen ari garen Kontxako estropadara sasoian iritsiko garela, gure momenturik onenean.
Castroko estropadan –abuztuaren 25ean– onenen arteko lehian sartu ginen berriz ere, gure txanda txarrena eta gure kalea onena ez izanda ere. Balorazio positibo hori ere egiten dugu, oraindik ere larunbateko kale madarikatua erretinan finko badaukagu ere. Ondo dago taldea, astean zeharreko saioetan ere ondo ibili eta estropadan horrelakoak gertatzeak amorrua ematen du, baina...
Kontxa aurreko estropada izanda, indarrak neurtzeko lehia aproposa izan zitekeen, baina ez du horretarako balio izan.
Emanda zegoen itsasoko partea eta Castroko estropada eremua kontutan hartuta, emaitzen dantza hori pasa zitekeela aurreikusten zen pixka bat. Izan ere, ipar mendebaldeko haizeak jotzen duenean, kaleen arteko aldea nabaria izaten da Castron. Eta gainera, haizea goraka etortzen da eguerdi aldera normalean, eta, ondorioz, txanden artean ere alde handia egoten da. Zer esanik ez larunbateko jardunaldiaz. Eta aurreikuspenak bete egin ziren.
Dena dela, Kaiku beti aurrean.
Bai. Horri buruz ez dago beste ezer esaterik. Hala izaten ari da urte osoan. Ligan nagusi dira, berena dute San Miguel Liga. Zorte onak eta txarrak banatuta egongo dira dagoeneko, ezta? Inork ez dauka esaterik urte osoan zorte txarra izan dutela; edo zorte ona.
Kaiku hor dago, garbi dago, baina Kaiku bakarrik ez, Urdaibai eta Hondarribia ere bai. Hirurak ziren urte hasierak denok faboritotzat genituenak. Eta gu ere hor gaude hiru horiekin batera, puntan. Albiste oso ona da hori guretzat eta asko pozten gaitu horrek. Onenekin borrokan gabiltza gu ere.
Mailaz igo berritan puntaren puntan zabiltzate.
TKE-ra igo eta erdi parean ibiltzeko esperantza genuen guk. Ahal den neurrian, sailkapenaren erdi aldetik gora ibiltzeko aukeraz ere hitz egin genuen, baina ez ginen gehiago esatera ausartzen. Azken batean, ez genuen gure burua besteen ondoan jarri eta ez genekien zertarako gai izango ginen. Eta denboraldia hasita, erditik gora, hiru hautagai nagusi horien pare aritzeak, denboraldia hasi eta bukatu arte... oso positiboa da hori guretzat.
TKE Liga Kaikuk eraman du.
Liga ez da gure aurtengo helburua izan. Iritsi berritan Liga lortzeko lehian sartzeak higadura handia ekartzen du arraunlari aldetik eta abar. Sailkapena horren justu joan dela-eta, denboraldi osoan erabili ez dituen hiru bat mutil baditu Kaikuk, pentsa! Gu ez geunden era horretako sakrifizioa egiteko. Liga ez da gure gerra izan. Kaikuk eta Urdaibaik, aldiz, argi esan zuten, hasiera-hasieratik, La Caixako Koroa fantastiko hori eskuratzeko interesa zutela; hirugarren aldiz jarraian irabazi nahi zuen Kaikuk eta lortu du, eta Urdaibairentzat bosgarrena izango zen aurtengoa irabazi izan balu.
Dena den, momentu polit bat ere izan genuen guk, Pasaiako estropada irabazi ostean, Ligako mailot horiarekin jokatu genuenean etxekoa, Oriokoa. Anekdota polit bat izan zen, gozatu eta aprobetxatu genuena. Kaiku lider jarri zenetik hona gu izan gara lidergoa kendu diogun bakarrak. Denboraldia bukatu eta tartean distantzia pixka bat jartzen dugunean, baloratuko dugu hori ere.
Kontxara begira jarrita, porra guztietan agertuko dira Kaiku, Urdaibai, Orio eta Hondarribia. Tiranek ere gustukoa du Kontxako badia. Zein jotzen duzu faborito?
TKEn aurrean dauden zazpi taldek izan behar lukete Kontxan, dena normal joanez gero, behintzat. Ligan bertan ikusten den borroka horrek berak izan behar luke Kontxan ere, izan sailkapenean edo bandera lortzeko borroka horretan. Liga batek, azken batean, gure lekuan jartzen gaitu. Hori da nik aurreikusten dudana.
Hala ere, Kontxako aurreneko igandeko testuingurua ezberdina da, kaleak zozketatu egiten direlako. Bartzelonan hasi genuen denboraldiaren baitan, Ohorezko Txandan jokatu ditugu guk estropada guztiak: Ligan –gu izan gara bakarrak– eta bestelako txapelketetan. Orain arte ez da hori eman eta sorpresak hortik etor litezke. Astebururo elkarren kontra ibili garen horiek, agian, ez dugu horrela jokatuko iraileko aurreneko igande horretan.
Bi urte dira Orio Kontxan egon ez dela eta ostegunean, abuztuaren 29an, lanak ondo egin behar ditugu aurtengo Kontxarako sailkatzeko. Hori ez da ahaztu behar. Lehenengo eta behin ostegunekoa dator. Kontxara bueltatu nahi dugu, TKEra itzuli garen bezalaxe.
Oriotarrok zorrotzak omen gara arraunarekin. Zer esaten dizuete herritarrek?
Niri jendea ez zait gehiegi hurbiltzen; oso lasai bizi naiz Orion. Orion beste inon bizi ez den moduan bizi da arrauna. Arraunarekin lotutako kontuei dagokienez, jakin-min handia dago herri honetan. Taldeari egiten zaion jarraipena inon egiten ez zaion bezalakoa da. Herriak ez dakit zer eskatzen duen, baina guk gure Kontxan egotea eskatzen diogu. Denboraldiari errematea ematea litzateke. Kontxan egon nahi dugu. Oso denboraldi erregularra egin dugu eta horrelako bukaera nahi dugu.
Osteguna iristeko gogo handia daukagu, denak baldintza beretan aterako garelako eta sasoian gaudela uste dugulako; nola gauden erakutsi nahi dugu. Ostegunean Kontxa jokatzeko sailkatuko bagina, aurreneko jardunaldiari zukua atera nahi diogu.
Nolakoa da ostegunerako iragarpena?
Ona, ostegunerako eta iganderako itsaso eta eguraldi txukuna daude emanda: itsaso handirik gabe, haize bolada handirik gabe... aldaketa handirik gabeko egunak aurreikusten dira.
Sailkapen jardunaldian hasieran ala bukaera aldera atera nahi zenukete estropada jokatzera?
Faboritoen taldean gaude aurten eta, hortaz, aurretik edo atzetik aterako diren horiek faboritoak dira, gu bezalaxe. Zorte berdintsua izan behar genuke hortaz haiek eta guk; ona ala txarra, baina berdintsua. Horrek ez nau gehiegi kezkatzen. Hala ere, bukaera aldera haize gutxixeago izaten da eta, horrez gain, besteek egindako denboraren jakitun izaten da azkena ateratzen dena. Eguerdiko hamabietan egingo da zozketa.