Kontzertu berezia eskainiko du Gozategi taldeak abuztuaren 30ean, udal-kanpineko Boga-Boga tabernan. Kontxako sailkapen estropadaren ondoren eskainiko dute emanaldia Asier Gozategik, Iñigo Goikoetxeak eta Imanol Goikoetxeak. Donostiatik etxera datozen arraunzaleei festara gehitzeko aukera emateko asmoz, 22:00etan hasiko da saioa.
Lan eta lan dabil azkenaldia Gozategi taldea. Kontzertu biraz gain, bestelako musika kontuetan ere murgilduta daude taldekideak. Esate baterako, Donostiako Kontxako estropadetako propio egindako abestian parte hartu du Asier Gozategik. Donostiarrak taldeko arraunlari Unai Elizasuk idatzi eta Lauroba taldeak musikatu du estropada entzutetsuaren ereserki izan nahi duen kantua. Gozategiz gain, Xabi Solanok –Esne Beltza– eta Leire Martinezek –La Oreja de Van Gogh– hartu dute parte bertan.