Apirilaren 26an hasi zen Orioko festa batzordeak antolatutako Orioko 1. Mus Liga. Orduz geroztik beste hiru saio egin dituzte herriko eta inguruko muslariek gurean; bana maiatzean, ekainean eta uztailean. Hurrengo txapelketa ere ate joka dute dagoeneko, abuztuaren 31n, larunbatarekin, jokatuko baita bosgarrena. Herrira taldeak antolatuta, Loretxu tabernan arituko dira muslariak enbidoak eta hordagoak jotzen, 16:30ean hasita.
Ligako araudiari jarraituz, txapelketa hasi aurretik –16:00etatik aurrera– eman beharko dute izena parte hartu nahi duten guztiek, tabernan bertan. Bikoteko 20na euro ordaindu beharko dute horretarako.
Finala abenduan
Hiru jardunaldi geratzen dira abenduko final handirako. San Nikolas festen baitan izango da Ligari bukaera emango dio saioa. Aurretik, Loretxu tabernan beste saio bat izango da irailaren 27an, Herrirak antolatuta; Goiko Kaleko Mus Txapelketa, auzokoek antolatuta, urrian; eta Sanmartinetako Txapelketa, bailarako festa batzordeak antolatuta, azaroan.