Lehenengo igandea eta gero banderarako lehian jarraitzen du Oriok

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko irailaren 2a

Jon Salsamendiren Bermeok irabazi zuen jardunaldia eta Orio 6 segundora hirugarren izan zen

Joan da lehenengo jardunaldia. Goizean goizetik herria hori kolorez esnatu zen gerora Easo pasealekutik hasi eta moilarainoko bidea ere halatsu tindatzeko. Bederatziak pasatxo zirela, Aquarium gainean, bandera hori handi bat zegoen haize apurrak astintzen zuela ikusi zitekeen.

Hamarrak alderako urduritasuna areagotzen hasi zen zaletu eta arraunlarien artean. Ontzien inguruan ikusmina nabarmena zen prestatzaileak azken ukituak egiten ari ziren bitartean. Pixkanaka guztiak eskaileretan gora joan ziren estropadak ikustera.

Nesken txanda hastear zela, guztiak uretara begira. Zumaiarrak izan ziren jaun eta jabe hasieratik bukaeraraino. Amaieran 10 minutu eta 37 segundoko denbora egin zuen Nagore Osorok gidatutako traineruak. Bigarren Hibaika izan zen 11 segundora, hirugarren San Juan 18ra eta laugarren Mecos 25 segundora. Gauzak horrela, badirudi urte guztian erakutsitako nagusitasunez gailenduko direla zumaiarrak aurtengo Kontxako estropadetan. Ongietorri beroa jaso zuten guztiek arranplan.

Kontxa 2013 nesken zaletuak

Neskek beren lanak eginda, mutilen txanda iritsi zen. Lehendabiziko txandan oriotarrak, Tiran, San Pedro eta Bermeo nor baino nor. Sekulako estropada hasiera egin zuten Mirotzako mutilek. Santa Klara parean traineru bat aurretik zirela irten ziren itsaso zabalera. Baina beste traineruek pixkanaka muturra sartu zuten eta ziabogara parean iritsi ziren Orio, Bermeo eta San Pedro.

Bueltakoan ordea bestelakoa izan zen. Urdaibaik aurrea hartu zien guztiei poparean eta Oriok galdutako tarteari eustea lortu zuen irlatik barrurainoko bidean. Hala, Bermeoko ontziak 19 minutu eta 17 segundoko denbora markatu zuen helmugan, Orio bigarren izan zen 6 segundora, hirugarren San Pedro 16 segundora eta Tiran laugarren 38ra.

Bigarren txandako begirada guztiak Joxe Luis Kortaren Bizkaitarra ontzira zuzenduta ziren. Urte guztian erakutsitako gaitasuna bitarteko, aurreko txandako denbora hobetzeko faboritoak ziren Kaikukoak. Estropada hasieran traineru bateko aldea izatera iritsi ziren arren, ziabogan estu hartu zituen Hondarribiak. Hala ere, kanpoan denborarik onena zen Kaikurena.

Baina poparean hankaz gora jarri zuen estropada Hondarribiak, aurten beste batzuetan erakutsi duen bezala barrura bidean lan ona eginaz. Bukaeran bigarren denbora onena izan zen Mikel OrbaƱanosen taldearena, 19 minutu eta 20 segundoko denborarekin, Bermeok baino 3 segundo gehiago. Kaiku txandako bigarrena izan zen 10 segundora, Aizperroren Portugalete hirugarren 16ra eta Donostiarra laugarren ia minutu batetara.

Bigarren iganderako dena irekita
Gauzak horrela banderak oraindik ez du jaberik. Azken urteetan ez bezala, tarte txikian ontzi asko izango dira banderarako lehian. Ohorezko txandan Orioz gainera hiru oriotarrek prestatutako ontziak izango dira datorren igandean: Bermeo, Hondarribia eta Kaiku. Lehenengo txandan, berriz, San Pedro, Portugalete, Tiran eta Donostiarra izango dira.

Atzoko estropada bukatuta, denetariko adierazpenak jaso genituen. Hona hemen horietako batzuk:

Jon Salsamendi

Igor Makazaga

Ibon Arruti, Aldape

Joxean Olaskoaga, Aizperro

Urko Redondo

Estropada garaian bildu genituen argazkiekin, berriz, argazki bilduma osatu dugu. Horiek ikusteko, klikatu hemen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide