Asteburuko estropadekin bukatuko du denboraldia Orio Arraunketa Elkarteko traineru nagusiak eta asteburuan amaituko ditu baita ere, arraunaz gain, antolatu dituzten beste ekintzak: Arraun Eguna, Arraunetxeren inaugurazioarekin; garagardo azoka; eta ostiraleko, irailaren 13ko, bertso jaialdia.Dirua lortzeko bide izango da bertso saioa eta orain arte sekula antolatu ez dutenez egokia iruditu zaie jendea erakartzeko. Kontxako estropada pasatu berri izanik eta Oriok postu ona lortu duenez, baliteke horrek jendea animatzea elkarteak antolatutako saiora etortzen, esan du zuzendaritzako kide Zigor Gazpiok.
Arrauna abiapuntu
Sei bertsolari izango dira taula gainean: Sustrai Colina, Andoni EgaƱa, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Xabi Paya; kostaldean bizi direnak hiru eta barrualdean beste hirurak. Gai jartzaile modura Unai Manterola zumaiarra arituko da eta honek ere emango die arraunaz kantuan jarduteko biderik. Arrauna abiapuntutzat hartuko dute bertsolariek nahiz eta arraunaz ez ezik beste hainbat gaitaz ere aritu. Arraun kontuak jakin badakigu polemika sortzen duela sarri eta saioa bizitzeko izan dadin nahi dugu. 1983ko banderaren polemika, Orioko traineruaren azken lau urteotako gorabeherak... entzungo ditugu, dio Gazpiok.
Karela kiroldegian izango da bertso saioa ostiralean 22:30ean eta sarrerak aurrez eros daitezke 10 eurotan Arkaitz, Aterpe eta Salatxo tabernetan eta Kutixi kafetegian. Egunean bertan ere sarreran egongo dira salgai.
Denda itxiko dute
Asteburu honetan bestelako salmentak ere bukatuko ditu Orio Arraunketa Elkarteak. Plaza aldamenean dagoen dendako ateak itxiko dituzte larunbat eguerdian. Beraz, azken erosketak egin nahi dituenak ostiralean 17:30etik 20:00ak bitartean edo larunbatean 10:30etik 13:30era artean joan beharko du hara.