Gaur aurkeztuko diote oriotarrei Kilometroak 2014

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko irailaren 12a

Ikastolako areto nagusian izango da bilera irekia, arratsaldeko 19:30ean hasita

Atzo, irailaren 11, egin zuen ikastolak Kilometroak 2014 lehenengo aurkezpen bilera bertako gurasoentzat. Bilera horien helburua, batez ere, jaia ezagutu eta ahalik eta herritar gehienek festarekin bat egin dezaten da, Ikastolatik esan digutenez.

Gaur, irailaren 12an, osteguna, izango da bigarren bilera, jaiaren antolaketan lagundu eta parte hartu nahi duten herritar guztientzat zuzenduta: 19:30ean, Ikastolako areto nagusian.

Datorren urriaren 6an Tolosan ospatuko den jaian hartuko du lekukoa Orioko Herri Ikastolak. Momentua ailegatuta, lekukoa hartzeko prest agertu dira ikastolakoak. Joseba Orella koordinatzaileak esan digunez, ahalik eta herritarren partaidetzarik handiena bilatuz eta elkarlana eta auzolana sustatuz helduko dio Orioko Herri Ikastolak parez- pare zabaldu zaion erronka berriari.

Behin festaren ezaugarriak eta lan taldeen egiteko nagusiak jendaurrean aurkeztuta, datorren astelehenetik, irailaren 16tik, aurrera jarriko dituzte lan taldeak martxan. Saio guztiak A –idazkaritza dagoena– eta B eraikinetako irakasle geletan egingo dituzte eta lan-talde batzuen lehen bilerak noiz izango diren ere jakitera eman dute:

– Irailaren 16an, astelehenarekin: 17:00etan ekonomia eta 19:00etan arropa salmenta.
– Irailaren 17an, asteartearekin: 18:30ean ikuskizunak-kultura eta 20:00eta komunikazioa.
– Irailaren 18a,n asteazkenarekin: 18:30ean prebentzioa eta 20:00etan erronka.
– Irailaren 19an, ostegunarekin: 18:30ean txosnak eta 20:00etan muntaketa.
– Irailaren 23an, astelehenarekin: 18:30ean zirkuitua-segurtasuna-trafikoa.
– Irailaren 24an, asteartearekin: 18:00etan osasuna eta 19:30ean ingurumena- garbitasuna.

Parte hartu nahi dutenek, ikastolara gerturatzearekin nahikoa izango dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide