Hogei urte ez dira berehalakoan pasatzen eta horiexek beteko ditu aurten Orioko surf txapelketak. Itsasoaren baldintzek laguntzen badute, ilaren 21ean eta 22an, datorren larunbatean eta igandean, jokatuko da aurtengo edizioa.
Bost kategoriatan banatu dute txapelketa. Alde batetik surfeko hiru kategoriak egongo dira, Opena, neskena eta 16 urtez azpikoena. Horrez gainera, bodyboardena eta longboardena izango dira beste bi kategoriak. Hori bai, parte hartzea oriotarrei mugatuta dago.
Goizeko 10:00etan hasiko dira lehendabiziko kanporaketa-serieak eta iluntzeko 19:00ak aldera arte luzatuko dira, beste urteetako erreferentziei jarraituz. Finalak igande arratsalderako utziko dituzte eta atzetik egingo dute sari banaketa eta zozketa –surfeko ohola eta jantzia, saririk irabazi ez duten parte hartzaileen artean banatzeko–.
Larunbat eguerdirako marmitakoa prestatuko dute Orioko Surf Taldekoek txapelketako partaide guztientzat eta musikaz goxatuko dute bazkalordua. Izena emateko OSTk hondartzan duen lokalera jo beharko da.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete aldez aurretik Orioko Udalari, Pukas etxeari eta Heinekeni, babesle ofiziala izateko egin duten esfortzuagatik eta Urtzi Garmendiari 20. edizioko kartelaren diseinuagatik.