Aurreko ostiralean, urriaren 4an, ezohiko bilkura egin zuen Orioko Udalak. Egun bertan prentsa bidez jakinarazi zuten EAJkoek ez zirela bertan izango. Hala ere udalbatzarra egin zen eta mahai gainean jarri zen gai bakarra, Herrira taldeari babesa ematen zion mozioa, onartu egin zen Bilduren bost botorekin eta Orainen bi botorekin, aho batez.
EAJkoek Diario Vascora helarazi zuten gutunaren harira, Bilduk bere erantzuna eman zuen beste idatzi baten bidez. Hona hemen testua osoa irakurtzeko aukera:
Orioko Bildu oso haserre dago urriaren lauko plenoaren aurretik EAJ zinegotziek egindako idatziarekin. Puntuz puntu zera du esateko Orioko Bilduk:
1. Gertaeren larritasuna. Gai garrantzitsuagoak badaude EAJ alderdiaren esanetan. Astean zehar izan diren gertakariei garrantzia kentzea Euskal Herrian bizi dugun egoeraz ez jabetzea da. Non dago zinegotzion erantzukizun politikoa?
2. Oriokoa salbuespena. Herriz herri, Legebiltzarrean eta Batzar Nagusietan ere bai, Herriraren aurkako operazioaren salaketan bat egin dute EAJk eta Bilduk. Euskal Herri osoan mozio bateratua bozkatu dute. Orion zergatik ez?
3. Gai garrantzitsuak. Ba omen daude gai garrantzitsuagoak Orioko Udalean. Gai horiek batzordeetan eta osoko bilkuretara lantzen dira. Eta lantzeko, bilerara agertu behar da. Azken bi batzordeetan EAJko inor ez da etorri. Atzo hirigintza batzordea egin zen. EAJ falta. Irailean obra eta zerbitzuen batzordea egin da. EAJ falta. Ez da EAJren ausentziaz hitz egiten dugun lehen aldia, gogoan duzue ezta? Legealdi guztian gertatu da, ez dira agertzen bileretara.
4. Alkatearen eskumenak eta plenoaren deialdiak. Alkatearen aukera da ohiko bilkurak, ezohiko bilkurak eta bilkura urgenteak deitzea. Ohikoak hileko azken ostegunean egiten dira, eta ezohikoak dira 48 orduz deituriko beste guztiak. Guztiak dira legalak eta zilegiak. Pleno honetarako deialdia asteazkenean egin zen, ezohiko bilkura baino berrogeita zortzi ordu lehenago, legeak agintzen duen bezala.
5. Politika prentsa bidez. Beñat Solaberrieta alkateak Noemi Ostolaza EAJko zinegotziari deitu zion osoko bilkuraren berri emateko. Ez zion hartu. Gerora ere ez dio deia itzuli. Alkateak korreo elektroniko bat bidali zion azalpenak emanez eta mozioan aportazioak egiteko aukera emanaz. Gaur arte ez du Benat Solaberrietak erantzunik jaso. Orioko EAJ alderdiak prentsa bidez egiten du politika, aurrez aurre ekarpenik ez, ezta deiak erantzun ere. Jaso den erantzun bakarra egunkarietan jasotakoa izan da.
6. Legealdi osoko gezurrak. Prentsa bidezko gutunean hauxe dira EAJ alderdiak markatzen dituen gezurrak: ekintzarik ez dela egiten eta dirulaguntzak lortzeko lanketarik ez dela egiten. Edozein herritarrek daki hau gezur borobila dela. Gipuzkoako Foru Aldundiko dirulaguntzak mantendu ditugu aurreko legealdiari dagokionez, baina Eusko Jaurlaritzatik etortzen diren dirulaguntzetan murrizketa egon da EAJ gobernuan dagoenetik. Arrantza sailean eta Kirolean batez ere. Ez goaz ezer gehiago esatera.
7. Bakea. Juan Priederen omenez eginiko 2012ko martxoaren 21ean eginiko ezohiko bilkura urgentea aipatu da. Momentu hartan, udala osatzen dugun hiru alderdi mahaiaren gainean eseri eta testu bateratu bat adostu genuen, udalak mezu bakarra transmititu zezan. Azken orduan ordea, (plenoa baino bi ordu lehenago) EAJk berak ere idatzitako testuari muzin egin eta osoko bilkuratik alde egin zuten. Onartutako mozioan “Juan Priederen izena erabilera eta eztabaida politikotik kanpo gelditzea” adostu bazen ere, EAJ alderdiak izena erabiltzea erabaki du.
Azken gogoeta zabaldu nahi du Bilduk: Orioko Udalean egoteko gaitasun edo nahirik ez baduzue, norberaren karrera politikoa egiteko asmotan bazaudete eta herriaren aurrerapausoei oztopoak jartzeko prest bazaudete utzi zuen alderdiaren eskuetan zuen eserlekuak, herrian lan egin dezaketen jeltzaleekin eraiki dezagun Orio.