Bere hamargarren lana kaleratu du Mikel Markez bakarlariak. Aurreko ostiralean, urriaren 18an, eman zuen Indar bat dabil hor lan berriaren aurkezpen prentsaurrekoa Donostiako Elkar megadendan.
Elkar-eko Anjel Valdesen hitzetan, soiltasunaren indarra talentuarekin nahasten denean, halako kanta miresgarriak sortu ohi dira, Mikel Markezen lan berriak erakusten duen bezala. Indarra eta soiltasuna, muturretan dauden konzeptuak diruditen arren, Errenteriako kantariaren eskutan, biak izate beraren bi alde osagarri bezala ageri dira, ez baita ulertzen bata bestearekin batera ez badator. Horretan datza segur aski, hein handi batean, sortzaile xume eta oparo honen sekretua, hainbeste urtez, hasieran bezain tinko eta iradokitzaile jarraitzeko.
Hainbat kolaboratzaile izan ditu Markezek disko hau aurrera eraman ahal izateko: Xabier Amuriza, Josu Zabala –eskusoinua–, Arkaitz Miner –gitarra akustikoa, mandolina, biolina–, Satxa Soriazu –pianoa eta teklatua–, Amaiaur Cajaraville –kontrabaxua–, Alaitz Telletxea –soinu txikia eta ahotsa–, Aire ahizpak, Andrea Bidart eta Gotzon Barandiaran –ahotsak–. Nabarmentzekoa da Benito Lertxundik hitz batzuk errezitatzen dituela Gauza xumeetan izeneko kantuan.
Datorren kontzertua abenduaren 1ean
Diskoa aurkeztu bezperako egunean, Orioko Kultur Etxean izan zen Mikel Markez hitzaldi musikatua ematen. Berarekin batera Eñaut Elorrieta abeslari gernikarra izan zen eta euskal musikaren historiari errepasoa eman zieten areto nagusia beteta zela.
Datorren kontzertua, disko berria aurkeztuko duena, abenduaren 1ean emango du, igandearekin, Donostiako Antzoki Zaharrean, iluntzeko 19:00etan hasita.
Bitartean hemen duzue azken diskoko Konplize ditut eta abestia entzuteko aukera, Aire ahizpen ahotsekin batera grabatutakoa.