"Jatorrizko hizkuntza biziberritzen" mahai-ingurua izango da urriaren 24an Orion

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko urriaren 23a

Garabide elkarteak eta Orioko Udalak sinatu berri duten hitzarmenaren barruan antolatu da solasaldia

Orioko Udalak eta Garabide elkarteak mahai-inguru bat antolatu dute urriaren 24an, ostegunarekin, 19:00etan hasita, Orioko Salatxo aretoan.

Mahai-ingurua Udalak eta Garabide elkarteak sinatu berri duten hitzarmenaren atzetik dator eta honen helburua oriotarrei hizkuntza minorizatutako beste komunitate batzuetan gertatzen ari dena azaltzea da: hizkuntza biziberritzeko egiten ari diren lana ezagutaraztea eta esperientziak trukatzea.

Horretarako, lau hizlari izango dira mahai-inguruan hitz egingo dutenak:

  • Jon Sarasua, Garabideren izenean
  • Verónica Yuquilema, kitxua hiztuna
  • Marleny Chacah, maia kaqchikel hiztuna
  • Suna Altun, kurduera hiztuna

Hitzarmena
Hitzarmena sinatzeko ekitaldia Orioko udalbatzarraren aretoan eginzen , atzo, urriaren 22a, eguerdian, eta bertan parte hartu zutenak Beñat Solaberrieta Orioko alkatea eta Andoni Barreña Garabide elkartearen presidentea izan ziren.

Garapen-bidean dauden herrietan proiektuak aurrera eraman ahal izateko, Udalak lehendik ere diru-laguntzak eman ohi ditu. Gauzak horrela, hitzarmen honen bidez, egoki ikusi du proiektu berri bat hastea, Garabide elkartearekin batera, aurrerantzean hizkuntza normalizatzeko egitasmoak ere lagunduz.

Udalak hartu duen konpromisoen arabera, 4.000 euro emango dizkio Garabide elkarteari, nasa eta kitxua hizkuntzak biziberritzeko proiektuak sustatzeko.

Zer da garabide?

Garabide elkarteak urte askotako lana egin du garapenerako euskal lankidetzaren barruan garapen-bidean dauden herrietako hizkuntza normalizatzeko egitasmoak sustatzen. Horretarako, hiru helburu nagusi finkatu ditu elkarteak:

  1. Garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuekin lankidetza bideratzea, euskara eta euskal kulturaren garapen esperientzien trukean oinarrituta.
  2. Norabide horretan, munduko Hegoaldeko hizkuntza komunitate minorizatuetako eragileekin lankidetza proiektuak garatzea. Lankidetza proiektu horiek hizkuntzaren, kulturaren eta nortasunaren garapen-alor batzuetan gauzatzen dira, hezkuntzaren alorrean indar berezia jarriz.
  3. Euskararen eta euskal kulturaren garapenean lanean ari diren erakundeek Hegoaldeko hizkuntza komunitate minorizatuekiko lankidetzarako beren esperientzia eskain dezaten sustatzea, horretarako markoa eta bideak eskainiz.

Guzti hori eta gehiago azalduko dute ostegunean egingo den mahai-inguruan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide