Danbolin Musika Eskolan dabiltzan Aiako eta Orioko ikasleek urtero-urtero diru kopuru bat jasotzen dute Orioko Udaletik. Kantitate hori matrikulazioan ematen diete eta oriotarrak edo aiarrak izateagatik %40 inguruko deskontua jasotzen dute. Hori da ikasle bakoitzagatik Orioko Udalak ematen duena.
Egoera horri buelta eman nahian, Orioko Udala 2013ko lehen hiruhilabetekoan Aiakoarekin jarri zen harremanetan. Hartu eman horren helburua ikasle aiarrek jasotzen duten diru-laguntza hori nork ordaindu behar zuen erabakitzea zen.
Igor Iturain Aiako alkatearen hitzetan, Danbolin Musika Eskolan dabiltzan Aiako ikasleek, lauk izan ezik, beren eguneroko bizitza Orion egiten dute: ikasketak, erosketak… guztia. Beste lau horiek dira benetan Aiako kaskoarekin lotura dutenak. Hori dela eta, momentuz, Orioko musika eskolan dabiltzan aiarrengatik ez dugu ordainduko. Izan ere zerbitzu hori bera Aian badaukagu, nahiz eta xumeagoa izan, gaineratu du Aiako alkateak.
Horren aurrean, Orioko Udalaren izenean Beñat Solaberrietak negoziatzeko prest zela adierazi zion Ituraini; bazela erdibide bat bilatzeko aukeraren bat. Aiako alkatearen erantzuna ikusita, Solaberrietak adierazi du Orioko Udalak argi daukala ez dagokigula oriotarrei hori ordaintzea. Ez da ez dugula ordaindu nahi edo ezin dugula ordaindu, baizik eta ez dagokigula ordaintzea. Horren aurrean Aiako Udaletik aldaketarik ez balego, Orioko Ordenantza Fiskaletan ikasleak bitan banatuko ditugu: oriotarrak alde batetik eta gainerako herrietakoak bestetik. Gainera, Ogasun Batzordearen oniritzia izan du gai horrek dagoeneko esan du Solaberrietak.
Iaz Aiako 21 ikasle ziren eta 9.000 euroko diru-laguntza eman zuen Orioko Udalak. Aurten, berriz, 26 ikasle dira eta 11.000 euro jarri beharko ditu Orioko Udalak. Datorren urterako, Aiarren proposamenei irekita daude oriotarrak.
Musika eskola ez, kiroldegia bai
Dena dela, Aiako Udalak, momentuz, Danbolin musika eskolan dirurik jartzeko asmorik ez badu ere, Karela kiroldegian egiten duen ekarpenari eutsi egingo dio. Izan ere, Aiak ez du zerbitzu hori eskaintzen eta aiarrei dagokien defizitaren portzentajea Aiako Udalak ordaintzen du. Gauzak horrela, aiarrak eta oriotarrak zaku berean sartuko dituzte aurrerantzean ere, kiroldegiari dagokionez, ordenantza fiskaletan.