Ordenantza fiskalak onartu zituzten urriaren 31ko plenoan

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko azaroaren 4a

Bilduren eta Orainen aldeko botoekin eta EAJren kontrakoekin onartu ziren datorren urterako tasa, zerga eta hobariak

Urriaren 31ko udalbatzarraren ohiko bilkuran onartuta geratu ziren 2014rako Orioko Udalaren ordenantza fiskalak.

Horrez gainera, Arraunetxeko aisialdi zerbitzuaren gestioa nork egingo duen erabaki zuten batetik, eta, bestetik, Orioko gazteen aisialdiko lokalak arautzen dituen udal ordenantza onartu zuten.  Karela kiroldegiaren kudeaketa integrala eta Arraunetxeren zein beste antzeko zerbitzu batzuen kudeaketa adjudikatzeko baldintza orriak  ere onartu zituen udalbatzarrak, guztiak Bildukoen eta Orainekoen aldeko botoekin. EAJkoek ezezkoa eman zuten guztietan, Arraunetxeko aisialdiko gestioa nork egingo duen erabakitzerakoan izan ezik; hor abstenitu egin ziren.


Ordenantza fiskalak

Orokorrean KPIaren igoera izango da –%2,1– tasetan eta zergetan.

Zergei dagokienez,  ondasun higiezinen zerga –IBI– KPIa igoko da, baina etxebizitza hutsei zerga berezia jarriko zaie, %100ekoa. Etxe hutsak zein diren definitzeko, ordenantza bat argitaratuko du Orioko Udalak. Jarduera ekonomikoen gaineko zergak ez zuen inolako igoerarik jasan 2013an, baina 2014rako %1,93 igotzeko proposamena onartu du Udalak.

Tasen inguruan, hainbat tasa izoztea onartu du Orioko Udalak: Aiakoen TAOko biñetarena –hitzarmen bidez zehaztuta–, turismoen lizentziena, lizentzia urbanistikoena, Udalaren areto eta gelen erabilerarena… Garajeen alokairuko prezioak ere izoztu egingo dituzte.

Gainontzean,  azokari dagokionez, bi prezio jarriko dituzte. Oriotarrek orain arteko bera ordainduko dute, baina, beste guztiek, gaur egun ordaintzen dutenaren bikoitza ordaindu beharko dute.

Udako TAOa orduko 1,25 euro kobratuko dute. Dena dela, aparkatutako laugarren ordutik aurrera %20ko deskontua izango dute ibilgailuek. Txu-txurako txartelaren prezioa 0,60 eurokoa izango da. Musika eskolan KPI + %2 igoko da matrikularen prezioa. Kiroldegiko abonoa %5 igoko da eta ekintzen prezioak %7,5. Igoera horiek urtarriletik aurrera egingo dituzte.

Arraunetxeko zerbitzu medikuen prezioak ere zehaztu dituzte. Oinarrizko kirol medikuntza azterketa 35 eurotan egin ahal izango da, fisioterapia saio bakoitza 35 eurotan, lehenengo hipoxia saioa 60 euro ordainduko da eta gainerako hipoxia saioak 40 euro balioko dute.

Kanpinari dagokionez, bungalowen prezioak izoztu egingo dituzte. Kanpinean finko daudenei KPI + %3ko igoera egingo diete, erdi finko daudenei KPIaren igoera eta partzela arruntei KPIaren igoera. Gainontzeko zerbitzuen prezioak ere izoztu egingo dituzte.

Hilerriko tasak ere igo egingo dituzte. Datorren urtean lanak egin nahi dituzte bertan eta horretarako %25 igoko dituzte tasak. Nitxoen eta panteoien esleipen kostuetan, ordea, KPIa baino ez da igoko.

Zaborren tasak ere igo egingo dituzte. Hondakin organikoa jasotzeko errefortzua emango du Urola Kostako Udal Elkarteak, eta, ondorioz, garestiagoa izango da. Hala, etxebizitza bakoitzak KP + %5eko igoera jasango du zabor tasetan. Jatetxeek –jangela duten tabernak, erretegiak…– eta elikagaien komertzioek, berriz, KPI + %7-ko igoera izango dute.

Herritarrentzako dauden hobariak, berriz, 2013ko berak izango dira.

Euskararen erabilera
Jon Agirresarobe euskara zinegotziak hitza hartu zuen Karela kiroldegiaren kudeaketa integrala eta Arraunetxeren eta beste antzeko zerbitzu batzuen kudeaketa adjudikatzeko baldintza orriak onartu aurretik.

Baldintza orriak euskaraz egiteko eskatu nien teknikariei eta ez da horrela izan. Duela urtebete Udalean, bertatik egiten zen lana, euskaraz sortzeko konpromisoa hartu genuen. Gaur arte ez dut euskaraz jaso testu hori. Baina itzultzea ez, euskaraz egitea da garrantzitsua esan zuen Agirresarobek. Ez da inor zigortu behar,  baina inurri lanean jarraitu beharra dago,

bukatu zuen zinegotziak.

 

Eskari eta galderen tartea
Azken gaia izan zen eskari eta galderena. Herritarren galderei erantzuna eman zieten zinegotziek. Hemen duzue horren audioa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide