Eztabaida askoren ondoren, 2015erako oriotarrek birziklatu behar luketen ehunekoak zenbatekoa izan behar lukeen adostu berri dute Hondakinen Mahaiako ordezkariek, Bilduko, EAJko eta Orain plataformako ordezkarien babesarekin: oriotarrok gutxienez %65 birzikla dezagun nahi dute.
Zehaztutako zenbateko hori lortzeko baina hondakinen sailkapena ondo egiteko grina etxe guztietara zabaltzea beharrezko jotzen dute Hondakinen Mahaiko kideek. Helburu hori ardatz hartuta aritu dira lanean orain arte: besteak beste, hondakin organikoa sailkatzeko kuboak banatu dituzte Ez da marroia, birziklatzea beharrezkoa da kanpainaren baitan, erosketak egiteko plastikozko ontziak banatu dituzte Ontziratu zaitez kanpainaren barruan eta herritarrek ongi sailkatzeko ikastaroak antolatu dituzte.
Zabortegien bizitza agortua dagonez, eta gaur egun oraindik ere hondakin asko sortzen dugunez, birziklapen tasak nabarmen gora egitea beharrezkotzat dute udal agintariek: Herri guztiarentzat erronka izatea nahi genuke, lortu dezakegula sinetsita gaude-eta. Eta helburua adostearekin batera hau lortzen ez badugu hartu beharreko neurriak aztertu eta eztabaidatuko ditugu aurrerantzean.
Datozen hilabeteetako lana
Orioko hondakinen ordenantza idaztea eta adostea izango da alderdi politikoek Hondakinen Mahaiarekin batera datozen hilabeteetan egingo duten lanik garrantzitsuena. Bitartean, herriko edukiontzien mapa berritzen ari dira, eta, horren baitan hondakin organikoari protagonismoa eman nahian dabiltza. Besteak beste, herritarrak birziklatzera animatzeko publizitate kanpaina jarri berri dute martxan.