TKEn dopina dagoela esateagatik 27 estropadako inhabilitazioa eta 2.000 euroko isuna jarri diote Jose Luis Kortari

Irati 2013ko azaroaren 8a

Aurretik jasotako 11 estropadako eta 800 euroko zigorra gehitu behar dio oraingoari

Jose Luis Kortari  27 estropadako inhabilitazioa eta 2.000 euroko isuna jarri dio TKE ligako diziplina epaileak, San Miguel Ligan dopina dagoela esateagatik. Arraunketaren historian sekula izan den zigorrik handiena da Kortak jasotakoa.  Gainera, aurreko batean hamaika estropadako inhabilitazioa eta 800 euroko zigorra jarri zizkioten –Pedreñako Banderan argazkilarien ontzi bat abordatzeagatik–. Momentuz lau estropadatan bete du zigorra; ondorioz,  34 estropada izango lirateke Kortak arraunketa eremutik kanpo egin beharrekoak,  bi denboraldi baino gehiago. Hortaz, Kaikuko entrenatzaile izatetik kirol-aholkulari izatera pasako da.

Kontrol denak negatibo

Abuztuan egindako adierazpen batzuengatik jarri diote zigorra Kortari. TKE ligan dopina zegoela ziurtatu zuen. Aste honetan bertan, TKEk jakinarazi du 2013 denboraldian egindako kontrol guztietako emaitza negatiboa izan dela.

TKEk sortu zenetik egin ditu dopinaren aurkako kontrolak bere arraun lehiaketan arraunlariei debekatutako sustantziak, edo kirol metodoak antzemateko.

2013an dopinaren aurkako 100 kontrol egin dituzte: 38 lehiaketan eta 62, lehiaketatik kanpo. Horietatik 34 kontrol espezifikoak, EPO sustantzia antzemateko, eta beste 8, CERA eta hemoglobina sintetikoak antzemateko odol lagin fisiologikoak. Eta aztertutako laginetan ez da debekatutako sustantzia edo metodorik antzeman. Ezta erreferentzia zerrendetan dauden sustantzia horien metabolito edo markatzaileak ere.

Bestalde, sailkapenean ondoen sailkatuta zeuden klubetako arraunlarien 67 odol lagin ere jaso dituzte ezustean parametro hematologiko jakin batzuk aztertu eta dopatzeko sustantzien erabilerak eragindako balizko aldaketak antzemateko asmoz. Horrez gain, elkarte guztiei eskatzen diete denboraldiko bi data jakinetan analisiak aurkeztea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide