Fashion week izenpean, herriko arropa denden salmentak hobetzeko ekimen berezia antolatu du lehenengo aldiz Orioko merkatarien talde Arkupe elkarteak azaroaren 9tik 16ra bitartean. Estreinakoz egingo den moda desfilearekin hasiko dute astea gaur, azaroaren 9an. Arkupeko 13 dendetako arropak eta osagarriak pasarela gainean ikusteko aukera izango da Arraunetxen, 18:00etan hasita. Bi inguru orduko ikuskizuna izango da eta sarrera guztiak, 350, hain zuzen ere, salduta daude dagoeneko.
Desfileaz gain, bestelako ekintzak ere antolatu ditu Arkupek desfile horren baitan: 50 euroko bonoak zozketatuko dituzte desfile baten eta bestearen artean. 1500 bat euro banatuko dituzte guztira saritan.
Pasarela gaineko erakusketa musikaz lagundutakoa izango da, bozgorailuko musikaren bidez batzuetan eta zuzeneko emanaldiaren erritmoz besteetan.
Eskaintza bereziak dendetan
Behin desfilea bukatuta, astelehenean jarraituko dute Fashion week-eko ekintzek. Izan ere, azaroaren 16ra bitartean eskaintza bereziak eskainiko dituzte desfilean parte hartu duten arropa dendetan.