Urtero bezala, Aiako eta Orioko korrikalari asko izan dira gaur goizean Behobia-Donostia lasterketan. Festa egun handia izan ohi da Fortuna taldeak antolatutako proba hau gurean eta lasterkari asko erakartzen du urtero. Behobia-Donostiako web gune ofizialeko sailkapenaren arabera, 91 lagun joan dira hain zuzen ere aurtengoan Orio eta Aiatik: 23 aiar eta 68 oriotar, hain zuzen ere. Norberaren marka hausteko edo 20 kilometro pasatxoak sasoian bukatzeko helburuz, Bulebarreko helmuga zeharkatzen duten guztiak dira txapeldun.
Oriotarren artean Aitor Rubio izan da aurtengo edizioan ere bizkorrena: ordubete, 10 minutu eta 31 segundotan geratu du kronoa Rubiok. Bost minutu gehiago behar izan ditu aurreneko aiarrak, Iñigo Otegik, lasterketa amaitzeko. Horrez gain, nabarmentzekoa da Aritz Lizarralde gaztearen marka. Ordubete, 17 minutu eta 55 segundoko denborarekin jubenil kategoriako lehen postua eskuratu du.
Emakumezkoetan, berriz, Susana Martín ibili da azkarren: ordubete, 23 minutu eta 34 segundorekin, 10. egin du emakumezkoen sailkapen orokorrean. Ainhoa Imazen postua ere azpimarratzekoa da, emakumezko promesen artean hirugarren izan baita oriotarra. Aiako nesken artean, berriz, Ainhoa Ubegun izan da lehenengoa, ordubete, 44 minutu eta 22 ehunenekin.
Iglesias 6.en
Ezinduen lasterketan ere izan da oriotarren ordezkaritza, Jose Antonio Iglesiasek aurtengoan ere parte hartu baitu lasterketa entzutetsuan. Seigarren egin du proba 54 minutu eta 50 segundotan bukatuta.
Bestalde, festa giro pozgarria izan behar zuena giro tristean bukatu da aurtengoan, Zizurko 29 urteko lasterkari bat hila baita proba bukatzeko oso gutxi falta zuela.
Behobia-Donostia lasterketako sailkapenak ikusteko klikatu hemen (gazteleraz dago).