Eguraldi zakarrari aurre egiteko primerako giro goxoa izan zuten atzo, azaroaren 10ean, Aian. Lardizabal eskolako guraso-elkarteak antolatuta, eta urteroko ohiturari jarraituz, gaztaina-egunaz gozatu zuten atzokoan Aiako herrigunera hurbildu zirenek.
17:00etan hasita, Ibai Esoain ipuin-kontalariaren istorioak adi-adi jarraitu zituzten etxeko txikienek Kultur Etxeko aretoan. Hitzekin eta bertsoekin jolas egin ondoren, frontoira hurbildu ziren haur, gazte eta helduak. Danbolinak sutan bero-bero zeuden ordurako eta gaztain-errean usaina ere zabaltzen hasia zen. Lehendik, ordea, eskolako gurasoek jarritako gailetak izan zituzten aukeran pilotalekua alderik alde hartzen zuen mahaiaren gainean.
Atzetik, paperezko kukurutxotan sartuta banatu zituzten eskolako gurasoek gaztain-erreak, doan.
Gaztain-eguneko argazkiak ikusteko klikatu hemen.