Urtebete pasa da Pello eta Nikolasa erraldoiak Oriora bizitzera etorri zirenetik. Ilusioz hartu zituen Oriok festetako protagonista berriak. Gurean gustura badabiltza ere, saregile –Nikolasa– eta arrantzale –Pello– erraldoiek ezinbesteko dute kanpoko laguntza; hankak behar dituzte, alegia. Hori dela-eta, bi erraldoiak dantzatuko dituen koadrila osatu nahian dabil Udaleko Festa Batzordea. Jende-multzo ederra antolatuz gero, lan hori txandaka egin ahal izango litzateke urtean zeharreko ateraldiak txukun eginez.
Baldintza horiek betetzen dituen eta erraldoiekin dantza eginez, festetan parte hartu nahi duen orori bilera deialdia egin dio Udalak: bihar bertan, azaroaren 12an, izango da batzarra Orioko kultur etxean, 20:00etan hasita.
Indarra eta trebezia pixka bat behar dira erraldoiak dantzatzeko, baina horrez gain, ez dago bestelako baldintzarik. Entseatuz gero, gogoz dagoen ia edonork egin dezakeen lantxoa da.