Euskaraz bizi-bizi egitasmoaren baitan, Julen Arexolaleiba izan zen Orion azaroaren 7an euskararen eta euskaldunen gaur egungo egoeri buruzko bere ideiak eta iritziak oriotarrekin konpartitzeko. 19:00etan hasita, bi ordu inguruz aritu ziren hitz eta pitz Arexolaleiba soziolinguista eta Salatxo aretora bertaratutako 20 bat herritar.
Arexolaleiba beraren euskararekiko aktibismoari buruzko hitzek ireki zuten hitzaldia. Arrasate Euskaldundu Dezagun hartatik abiatu zen, hortaz, Euskalgintza aurrera begira izenburupean zetorren hitzaldia eta poliki-poliki euskararen gaur egungo egoera eta garapeneraino etorri zen jarduna. Euskararen erabileraren datuak plazaratu zituen Arexolaleibak, besteak beste, euskararen erabileraren Orioko azken neurketak emandako datuak orokorrak zirela agerian lagaz. Alegia, helduen artean gero eta euskara gutxiago erabiltzen dela Euskal Herriko txoko gehienetan. Horrez gainera, eremu formaletan euskarak gora egin duela eta etxean, aldiz, behera adierazi zuen, gure ama hizkuntzaren gaur egungo joera garrantzitsuenetariko bat identifikatuz.
Krisi garai honetan, euskararen inguruko talde eta elkarteen egoera nolakoa den ere azaldu zuen Arexolaleibak. Topagunea eta Kontseilua izan zituen ahotan, batez ere.
Nola ekarri euskara ahora
Euskararen osasuna hobetzeko jarraitu beharreko bideetako batzuk ere plazaratu zituen Arexolaleibak: lehenik eta behin, ideia politikoak alboratu eta euskaldun guztiontzako espazio komun bat eraiki behar dugu. Horrez gain, euskaldunen komunitate bat osatu eta euskara ondo pasatzeko erabili behar dugu, norbera gustura sentiarazteko. Ekintzei duten garrantzia eman behar zaiela uste du Arexolaleibak eta euskaldunen arteko harremanak espazio interesgarri eta euskaldun batean landu behar direla bultzatzen du. Kukuka eta Tobera jarri zituen adibide.
Hizkuntza-komunitatearen (egituraren) eta unean uneko egoera politikoaren (koiunturaren) harremana definitzen ere ahalegindu zen Arexolaleiba, entzuleen laguntzarekin. Estatua desagertzean hizkuntza komunitateari eusten zaiola eta koiunturak egitura baldintzatzen duela esan zuen, besteak beste, soziolinguistak.
Euskaldunok egin ohi ditugun akatsak ere izan ziren hizpide. Esate baterako, euskaldun artean armonia baino lehia gehiago izaten omen da. Euskaldun zaharrek ingurua euskalduntzen duten zeregina aipatu zuen Arexolaleibak: askotan mugak jartzen ditugu euskaldun zaharrok. Nire euskara zaharragoa da zurea baino moduko esaldiak aditzen dira. Aukera gehiago eman behar zaizkio euskarari. Adibidez, ondarrutar bati ez badiot ulertzen, pasa gaitezen euskara batura edo hitz egin dezagun mantsoago eta ez gaitezen gazteleraz hasi. Azken batean, autoestima linguistikoarekin jolasean ari gara eta autoestima kontzienteki jarri behar da.
Herri aldizkarien garrantzia
Euskararen alorrean Karkarak dituen betebeharrez ere aritu zen Arexolaleiba. Euskal kulturari bozgarailua jartzeko herri aldizkariak zer egin dezakeen aipatu zuen. Bere ustez, euskal komunitateari interesgarri zaizkion edukiak eta euskara eskaini behar dizkio alde batetik eta etengabe eguneratuta egotea eskatzen du horrek, herritarren interesak aldatuz edota garatuz doazelako. Horrez gain, erdal taldeari euskal komunitateak esan dakioken hori nola esan diezaiokeen hausnartzera bultzatu zuen eztabaida.
Hitzaldiaren aurreneko zatiaren nondik norakoak jasotzen dituen bideo bat jarri dugu ikusgai ondoren: