Urteroko ohiturari jarraituz, Euskal Herriko zuhaitzen haziak banatuko dituzte aurten ere Herrio natur taldeko kideek azaroaren 17an. Aurtengoa baina ekitaldi berezia izango da. Izan ere, 10 urte da Herrio taldea sortu zela eta hamargarren aldiz banatuko dituzte haziak. Hamar urtek gozotik eta gazitik eman die taldeko lagunei eta gazien ondorengo gozoan daudela adierazi diote Karkarari.
Goizeko 11:00etatik 14:00ak arte arituko dira haziak banatzen Herriko Plazan. Herritarrek jasotako zuhaitz-hazi horiek etxean ereitea eta, landaretxoa sortzen denean, kanpoko toki egoki batean landatzea du helburu ekimen honek.
10 urteko bidea
Donostiako Haritzalde natur taldetik hartutako haziak banatzeko ideia elkartearen sorreratik egin zuten bere, hortaz, Herriokoek. Udazkena iritsi ahala mendira jotzen dute, taldean, bakarka edo familian, bertako zuhaitzen (haritzak, ezkurrak, pagaziak, gorostiak, astigarrak, elorri zuriak, lizarrak...) haziak biltzera, ondoren oriotarrekin eta hurbiltzen diren guztiekin elkarbanatzeko.
Hazi banaketaren balorazioaz galdetuta, berriz, Herriok antolatzen dituen ekintzen artean arrakastatsuenetarikoa dela diote taldekideek: Adin ezberdineko jendea etortzen da, zahar, heldu, gazte zein haur. Landareen garapenaren eta eboluzioaren berri ere izaten dugu, batzuk aurreko urtean ereindako hazien berri ematen baitigute edo duela urte pare bat ereindako hazia non landatu duten esaten baitigute. Giro polita sortzen da eta pixkanaka herritarren sentsibilizazioan eragiten dugula iruditzen zaigu.