Txakurrak ere lasterketan aritzen direnekoa

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2013ko aza. 13a, 11:09

Azaroaren 24an izango da Katu Horia klinikako albaitariek antolatutako Orioko 1. Kanikrosa

Orioko lehenengo kanikrossa antolatu dute Katu Horia klinikako albaitariek eta Txikas de Etxauri elkarteko kideek azaroaren 24rako. Abandonatutako txakurrak laguntzeko eta baztertutako animalia horiek bizi duten egoeraz kontzientziatzeko helburuz antolatu dute ekimena estreinakoz Orion.

Lasterketa modalitate berria da gurean: txakurrak laguntzailearen aurretik joan behar du korrika, ez alboan, ezta atzean ere. Horrez gain, txakurraren osasuna gertutik zaintzen dute gurean ohiko bilakatu diren zaldi-raidaren antzera. Hortaz, dortsalak banatu aurretik albaitaritza azterketa egiten diete animaliei.

Txakurraren adinaren arabera sailkatuko dira txakurrak lasterketa egiteko orduan. Horrez gain, laguntzailearen generoaren arabera ere banatuko dira txakurra: gizonezkoak alde batetik; emakumezkoak bestetik. Interesatuak www.herrikrossa.org weborrian eman beharko du izena.

Etxauri inguruko baztertutako txakurrei laguntzera bideratuko da lasterketak utzitako dirua. Txikas de Etxauri elkarteak kudeatuko du. Helburu ekonomiko hori betetzeko, lasterketaz gain bestelako ekintzak ere antolatu dituzte: pintxoak eta kamisetak salduko dituzte proba bukatutakoan, Falkoneria ikuskizuna izango da ikusgai eta pottokan ibiltzeko aukera ere izango dute txikiek euro baten truke.

Zortzi kilometro mendian

Zortzi kilometro eta erdi izango ditu proba berezi honek: hondartzan hasi, Itxaspera igo, handik Kukuarrira ailegatu, gurutzetik Longako bordatik barrena galtzada nagusira jaitsi eta Itxaspera joko dute berriz. Handik,  hondartzarako bidea hartu eta bertan bukatuko da lasterketa.

Mendian zehar egitearen arrazoia bat eta bakarra da Katu Horiako Mikel Escuder albaitariaren arabera: txakurrarentzat ere ez da ona asfaltoaren gainean korrika aritzea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide