Euria goi eta behe ari du egunotan, azken bi egunetan batez ere, gurean. Udazken giro bete-betean sartu gara, lurrak ezin du horrenbeste euri hartu, dena batera, eta, hortaz, bestelako bideak aurkitu ditu urak. Ondorioz, putzuak eta luiziak izan dira bai Orion eta baita Aian ere.
Orioko Bentarako bidea itxita
Orio eta Igeldo lotzen dituen errepidea itxita dago atzo goizaz geroztik. Luiziak izan dira Orioko Benta bitartean eta lurra oso ezegonkorra dago. Orioko Udaleko bulego teknikoko kideak eremua aztertzen izanak dira eta Udal agintariek egoera baloratu egin behar dute, konponketak nola eta noiz egingo diren erabakitzeko.
Zimitorioak behera, Aian
Aian ere berea ari da eragiten euria: Zimitorioak behera egin du, Aranburu Zahar baserriaren inguruan luizia izan da eta errekak gainezka egin zuen atzo goizean Santio Errekan. Horrez gain, Ertzaintzak adierazi duenez, zuhaitz bat bide erdira erori zen atzo Santio auzoan eta bidea moztuta egon zen.