Ordenantza fiskalak onartu zituen atzo Aiako udalbatzarrak

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2013ko aza. 14a, 09:44

Zaborraren tasa da gehien igoko dena: %5 hain zuzen ere

Sei puntu zituen berez atzo, azaroaren 13an, egin zen Aiako ohiko udalbatzarrak. Kreditu aldaketaren gaia mahai gainean lagatzea erabaki zuten politikariek Gobernu Batzordean, eta, hortaz, bost puntu eta Bilduk aurkeztutako Herriraren inguruko mozioa eztabaidatu ziren.

Aho batez onartu ziren 2013ko abuztuko udalbatzarreko akta, Andatzako eskolaren desafekzioa, Iturrikale 16ko lurzoru zatiaren azaleraren zuzenketa eta politikariek aldez aurretik adostua zuten Herrira elkarteari babesa emateko mozioa.

Ordenantza fiskaletan adostasunik ez

2014 urterako ordenantza fiskalen proposamenak, aldiz, desadostasunak ekarri zituen Udal gobernuko bi alderdikideen artean. Alde bozkatu zuen EAJ, kontra Bilduk eta, hortaz, gehiengoz, onartuta geratu ziren ordenantza fiskalak.

Orohar, %1-1,5 bitarteko igoera aplikatuko zaie zerbitzu eta zergei. Atalez atal, derrigorrezko zergen artean, %1eko igoera izango dute Hiri eta Landa izaerako Ondasun Higiezinen, Jarduera Ekonomikoen eta Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko zergek. Eraikuntza, instalazio eta obra zergen kasuan, ez da igoerarik aplikatuko.

Tasei dagokionez, lurzoru publikoaren erabilerarekin zerikusia duten horiek ez dute igoerarik izango. Zerbitzu publikoen erabileran, aldiz, zerbitzu motaren araberako igoerak izango dira:

  • Ura, saneamendu eta arazketari dagokion tasa %1,5 igoko da, Ur Kontsortzioko Batzarrak onartu bezala.
  • Zabor bilketari dagokion tasak %5 egingo du gora.
  • Lizentzia emateagatik ordaindu beharreko tasari bere horretan eutsiko zaio.
  • Gizarte zerbitzuen tasaren baitan etxez etxeko laguntzari, herriko obra eta brigadako langileek eta bideak garbitzeko makinaren erabileragatik emandako zerbitzuei, udal igerilekuari eta udal pilotalekuari dagozkienetan ere ez da aldaketarik izango. Bai aldiz, ospitaletxeko eta hileta zerbitzuetako tasetan eta udal probalekua-dema plazaren erabilerako tasetan; %1eko igoera izango dute azken horiek.

Igor Iturain alkateak adierazi zuenez, zabor tasak zerbitzua ordaintzera joan behar du. Momentuz, zor eta gastu guztiak kontutan hartuta, 25.000 euro inguruko defizita dauka Aiako Udalak zerbitzu horrekin eta hori pixkanaka txikitzen joatea da helburua. Dena den, aplikatuko den igoera zorra kitatzeko adinakoa ez dela jakinarazi zuen Iturainek.

Bilduko kideen ustez, Urola Kostako tasarik altuenetarikoa dute aiarrek. Gainera, hondakinak murrizteko eta gehiago birziklatzeko oinarririk (ez baliabide eta ezta plan propiorik) jartzen ez duela diote. Aiarrek nahi izanda ere, gaika hondakin guztiak birziklatzeko aukerarik ez dutela gogorarazi nahi izan zuen Bilduko buru Aritz Arrutik. Horrez gain, hondakinen arazoari bizkarra ematea leporatu zion Udal Gobernuari. Ingurumen, ekonomia eta osasun-arloari begiratuta ere Aiako zabor bilketa jasangarria ez dela esanez bukatu zuen zaborren gaiari buruzko eztabaida, zaborra birziklatzen edo gutxiago sortzen duten horientzako hobariak jartzearen egokitasuna aipatu ondoren.

Horrez gain, ez daude ados ordenantza fiskaleko proposameneko zenbait punturekin, aiarrek ordenantza fiskal justu eta sozialagoak merezi dituztela baitiote: etxebizitzen hobaria aplikatzeko orduan seme-alaba kopurua bakarrik hartzen dela kontuan eta familiako errenta ere kontuan hartzeko eskatu zuen Arrutik alde batetik. Bere hitzetan, behar gehiena duten familiei aplikatuko litzaieke horrela hobaria.

Bestalde, gizarte zerbitzuetan ospitaletxeko eta hileta zerbitzuetako tasak gora egiteak brigadako langileen eta bideak garbitzeko makinaren erabilerako tasei eustearekin talka egiten duela irizten diote Bilduko kideek.

Udal igerilekuko tarifetan ere zer hobetua badagoela uste dute oposizioko alderdikideek: herriko jubilatuek, pentsiodunek eta langabetuek prezioaren erdia ordainduko dute igerilekua erabiltzeagatik, baina, aldiz, familia ugariko eta errenta baxuko herritarrek ez.

Matadero eraikina salmentan

Udaleko alderdiak ados jarri gabe, Armendigain inguruetan kokatzen den Matadero izeneko eraikina eta berari lotutako lursailak salmentan jarriko dira.  Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean baldintza ekonomiko administratiboen plegua argitaratu eta 26 egun natural izango dituzte interesatuek eraikina erosteko eskaintza egiteko.

Bilduko kideak abstenitu egin ziren, eraikin horretan haurtzaindegia egitea zelako beren nahia.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide