Talai Mendi elkarteak ez-ohiko batzarrerako deialdia egin du datorren asteazkenerako, azaroaren 20rako. Bilera 19:00etan izango da Talai Mendik Iturbide 6an duen lokalean.
Talai-Mendi elkarteko gaur egungo presidente Dani Barrenetxeak eta elkarteko lanetan aldamenean izan duen Mila Oliden emazteak taldeko ardurak utziko dituzte. Ondorioz, gidari berriak behar ditu mendi elkarteak. Elkarteko ardurak bazkideen artean banatu nahi dituzte eta, hortaz, Talai Mendiko bazkide guztiei bilerara bertaratzeko gonbita luzatu diete.
Urteetako jardunari eutsiz
Urtean zehar hainbat mendi irteera antolatzen dituzte herritarrak mendira hurbiltzeko eta inguruko bazterrak ezagutarazteko. Horrez gain, irteera bereziren bat edo beste ere antolatu izan dute: eskiatzera eta kanoi jaitsiera egitera, esaterako.Kukuarri Eguna ere ospatzen dute maiatzeko azken igandean eta urte batzuetako etenaren ondoren, iaz Kukuarri astea berreskuratu zuten Talai Mendi elkartekoek hitzaldi, ikastaro, eskalada jarduera eta mendi irteerarekin.
Talai-Mendi elkartearen jarduna, ordea, ez da mendira mugatzen eta aisialdi eta kultur jarduerak ere antolatzen dituzte herritarrentzat; horietan aipagarrienak dira dantza ikastaroak eta Gabonetako Erregeen Kabalgata.
Beraz, bazkideei bilerara joateko dei egin nahi zaie, baita ekintzetan parte hartzeko eta laguntzeko eskatu ere.