Organo berria ezagutzera emateko kontzertu zikloa antolatu du Orioko parrokiak

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko aza. 15a, 10:52

Gaur, azaroaren 15ean, hasita hiru kontzertu izango dira guztira

Hiru kontzertuko zikloa osatu du Orioko parrokiak organo berria jendaurrean aurkezteko. Aurkezpen kontzertua gaur, azaroaren 15ean, ostiralarekin, egingo dute. Bertan, organoa egin duenak hitz egingo du eta jendeari organoa zer den ulertarazten saiatuko da argazkiak eta erabilita. Segidan, Esteban Landartek, Musikeneko eta Baionako kontserbatorioko irakasle irundarrak, kontzertua eskainiko du.

Bigarren emanaldia, azaroaren 29an izango da. Bertan, Easo gizonezkoen koruak abestuko du eta Oscar Candendo organo-jotzailea izango da teklatuan. Candendo Bartzelonako kontserbatorioko irakaslea da. Hirugarren eta azken emanaldia, berriz, abenduaren 13an izango da, Loreto Aramendi organista oriotarrak –umea zela Donostiara joana– eskainia.

Saio guztiak ostiraletan eta iluntzeko 20:00etan izango dira. Sarrera doakoa izango da, baina, kontzertua bukatzean, eliza atarian, borondatea eman nahi dutenentzat mahaia jarriko da.

Organo berria
Itxura guztiz aldatu diote Orioko elizako koruari. Organo berria jarri dutenetik, erabat desberdina da tokia. Modernoa da, Unai Manterolak esan digunez, Orioko izaera gordetzen duena. Baporeen puentearen itxura olatuen formarekin uztartu nahi izan da. Horrez gainera, hodiekin arraunlariek estropada irabazi eta pala jasotzean, palek hartzen duten itxura ere eman nahi izan diogu organoari.

Baina historia luzea du Orioko elizako organoak. Aurrez zegoen organoa 1935ean Pugnau eta Olaziregik eraikitakoa izan zen. Baina Olaziregi eta Pugnauren organoa, 1859an Jose Antonio de Oriak eraiki zuenaren hodiak erabilita egin zuten. Beranduago, 1965ean, aurreko organoa berritu egin zuten. Hirurek tailerra Azpeitian izan zuten, euskal organo gehienak bertan egiten baitziren.

Hori dela eta, organo berria egin duen enpresak, aurreko organoaren ñabardurak mantentzeko ahalegina egin du. Izan ere, haien web orrialdean diotenez, aurretik lan egin dugun euskal organoekin konturatu gara Europa erdialdekoekin alderatuta soinu ñabardura desberdinak dituztela. Horiek gure kulturaren parte dira, eta gorde beharrekoa da.

Aurreko organoetatik 853 hodi mantendu dituzte eta 1.152 berri jarri. Guztira 2.005 hodi dituen organoa mezatarako eta kontzertuetarako diseinatuta egoteaz gainera, erabilera didaktikoa izateko ere pentsatuta dago. Barrutik bisitatu eta funtzionamendua argi eta garbi ikusteko aukera ematen du eraikita dagoen moduak. Orain arte modu horretan eraiki den bakarra izan da. Horrez gainera, organoan idatzita dagoen guztia, euskara hutsean dago.

Hemen ikusi dezakezue organo berria jarri zuteneko muntaketa prozesu guztia, Maialen Sarasuak horretarako propio egin duen bideo batean:

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide