Erabilitako Jostailuen 4. Azokarako lehen jostailu bilketa egingo da gaur

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko azaroaren 28a

Herriok antolatzen duen ekimena da truke azoka

Aurten ere Erabilitako Jostailuen Azoka antolatuko du Herriok. Honekin 4. edizioa izango du azokak, baina aurrera eraman ahal izateko herritarrek beren etxeetan erabiltzen edo behar ez dituzten jostailuak bildu behar dituzte lehendabizi. Biltzen dutena abenduaren 14ko azokan ikusgai jarriko dute, Herriko Plazan –eguraldi txarrarekin frontoian– 10:30etik 13:30era goizez eta  15:30etik 18.00etara arratsaldez.

Izan ere, Gabonetako gehiegizko kontsumoaz arduratzea eta elkartrukea eta berrerabilpena sustatzea dira azoka honen helburu nagusiak.  

Jostailu bilketa
Azoka eguna baino lehen bi jostailu bilketa egingo dituzte. 

Azaroaren 28an, ostegunarekin:

•    16:00etatik 17:00etara Zaragueta Herri Eskolan
•    16:30etik 17:30era Orioko Herri Ikastolan
•    18:00etatik 20:00etara Kosta Tailerrean

Abenduaren 13a, ostiralarekin
•    18:00etatik 20:00etara Kosta Tailerrean

Truke sistema
Bilketa egunetan etxetik ekarritako jostailuak hiru koloreren arabera sailkatuko dituzte: horia, urdina edo gorria. Jostailua ematen dutenek kolore bereko txartela jasoko dute azoka egunean kolore bereko beste jostailu baten trukean emateko.

Azokara hurbiltzen direnek egun berean etxetik ekarritako jostailuak azokan jarritakoekin trukatu ahal izango dituzte. Horrez gainera, azokako azken orduan, jostailurik ekarri ez dutenek –txartelik ez dutenek– gustuko duten jostailu hori etxera eramateko aukera izango dute.

Kontuan izatekoak

Trukean parte hartu ahal izateko baldintza hauek bete beharko dira:
•    Jostailuak osorik egon behar dute, egoera onean. Norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan. Egoera txarrean dagoen jostailurik ez da jasoko.
•    Azoka egunean, jostailuak trukatzeko, 8 urtetik beherakoek arduradun batekin hartu beharko dute parte.
•    Behin azoka amaitutakoan inork eraman ez dituen jostailuak irabazi asmorik gabeko erakunde batetara bideratuko dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide