Organoaren inguruko kontzertu-zikloko bigarrena ostiralean

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko azaroaren 28a

Oscar Candendo organo-jotzaileak eta Easo abesbatzak emango dute kontzertua

Azaroaren 29an, ostiralarekin, Oscar Candendo organo-jotzailearen eta Easo abesbatzaren kontzertua izango da, iluntzeko 20:00etan hasita, Orioko elizan.

Organo berrituaren inaugurazio zikloko bigarren kontzertua izango da hau. Hirugarrena abenduaren 13an izango da. Zikloa parrokiak antolatu du Orioko Udalaren, Kutxaren eta elizbarrutiaren laguntzarekin.

Ostiraleko kontzertuan euskal autoreen piezak joko dituzte nagusiki: Guridi, Madina, Goikoetxea, Aldabe, Salaberri…

 

ORGANO-JOTZAILEA
Easo abesbatzaren ohiko organo-jotzailea da Oscar Candendo Zabala –Antzuola, 1971–. Organo, klabizenbalo, piano eta ganbara-musika alorretako goi-mailako irakasle tituluak lortu zituen, eta Baionan, Pauen eta Bartzelonan ikasi du. Kataluniako goi-mailako musika eskolako organo-irakaslea da

Horrez gainera, sariketa asko irabazitakoa da eta kontzertu ugari ematen ditu Europa osoan. Ikerlan bat dauka argitaratua, Euskal Herriko organo sinfonikoei buruz. Egun, Musikaren Historia eta Zientzietako doktoretza egiten ari da Valladolideko Unibertsitatean, eta Vicente Goikoetxea –1854-1916– eliz musikako konpositore arabarrari buruzko tesia lantzen ari da.

Candendori laguntzen Easo abesbatza izango da. 1940. urtean sortua, ospe handia duen Euskal Herriko gizonezkoen abesbatza da; nazioarteko lehiaketa garrantzitsu askotan parte hartu izan duena eta toki berezietan eta orkestra onenekin kantatu duena. Horrez gainera, 30 grabazio baino gehiago ditu eginak.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide