Euskararen eguna aitzakia hartuta hainbat ekitaldi egin zituzten Orion abenduaren 3an. Ikastetxeetan goizean hasi ziren ekintzekin eta Orioko Herri Ikastolakoek ipuin kontaketa, jolasak, Mihiluze, Herri Kirolak eta karaokea egin zituzten. Arratsaldez, berriz, txotxongiloak, kalejira eta erromeria txikienek kaleak girotuz; LHko irakasleek Euskara Batzordeko ikasleen laguntzaz antolatutako tailerrak; eta DBHkoek herri kirolak.
Zaraguetakoek surfa eta euskara uztartuz ikasleek txapak egin zituzten bezperan eta abenduaren 3an bertan. Kantu saioa eta argazkiak goizean eta Mikel Agote surflari oriotarraren hitzaldia arratsaldez. Ondoren euskarazko liburuen II.truke azoka egin zuten ikastetxean lehenengo eta plazan ondoren. Antolatzaileen esanetan, aurtengoan jende pixka bat gehiago gerturatu bada ere, oraindik ez dago liburu trukerako joera handirik, eta are gutxiago euskarazko liburuetarako. Beraz, jendea bultzatu behar da horrelako ekintzetara.
Euskaraz gazte
Udalak, Euskaraz Gazte Literatur Lehiaketako sariak banatu zituen iluntzean, udaletxeko pleno aretoan. Aurtengo parte hartzea inoizko eskasena izan bada ere, Eli Manterola, Karkara aldizkariaren izenean; Eli Lasa, Aiako Udaleko kultur teknikariak; eta Jabier Zabaleta, Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikariak osatutako epaimahaiaren esanetan, horrek ez dio ezer kentzen saritutako lanen kalitateari. Gustura irakurtzekoak dira. Lan gutxi aurkeztu direnez, Euskara batzordeak uste du baduela gogoeta egin beharra, datozen urteotan parte hartzea sustatzeko bideak bilatzeko. Saridunak honako hauek izan ziren:
Ipuin saila
- Lehenengo saria: Iñaki Iturain. Bi gerra arteko udara. Kontakizuna gerra ondoko Orion dago kokatuta, 1939ko udan. Egileak
badaramatza urte batzuk garai hartan Orion gertatu zirenak aztertzen eta orduko
dokumentuak-eta miatzen, eta hori antzematen da emaitzan. Gerra ondoko Orio
hura nolakoa zen jakin nahi duenak
pista bat baino gehiago aurkituko ditu ipuin honetan. Ahalegin deskriptibo
horrekin batera, bestalde, kontakizun polita harilkatu du egileak, guztiz
asmatua izanagatik, ondo egokitzen zaiena garai eta zirkunstantzia haiei. Euskaraz
bikain idatzita dago, gainera.
- Bigarren saria: Garazi Urretabizkaia. Pasioaren indarra. Bikote-harremanak ditu gaia. Aitziber eta Iker, esperientzia berrien bila, bikote-trukeak eskaintzen dituen lokal batera joan dira, eta han bizitakoak arrastoa utziko die biei; baina ez hasieran uste zuten bezalakoa… Kontakizuna ederki garatzen du egileak eta ondo sartzen da bi protagonisten barne-munduan, bakoitzaren sentimendu eta korapiloak modu sinesgarrian azalduz.
- Accessita: Marisa Arruabarrena. Lokartzeko ipuina. Aise irakurtzen den lana, haurrei lotarakoan kontatzen zaizkien ipuinetan oinarritutakoa. Hizkera erraz eta zuzenean garatzen du kontakizuna, graziaz eta goxo.
Olerki saila
Iaz ez bezala, oso olerki gutxi aurkeztu dira aurten lehiaketara eta epaimahaikoen esanetan, pena da, bereziki, idatzitako bertsorik apenas ez izatea herri bertsozale honetan. Badugu lana, hemendik aurrera, hori sustatzen.
- Bigarren saria: Garazi
Urretabizkaia. Omenalditxo bat. Hunkigarriak dira saria irabazi duten bertsoak, neska gazte batek
amonari eskainiak. Dozena bat bertsotan aletzen du egileak amonari dion
maitasuna eta garbi uzten du, izenburutik beretik, zer egin nahi izan duen. Hemen bertsoak entzuteko aukera.
- Hirugarren saria. Goiuri Unanue. Herritik urruntzean. Herriminez bustitako hitzak dira olerkia osatzen dutenak: Oriotik kanpora joan eta orduan konturatu da egilea etxean daukan altxorraz eta altxor horri kantatzen dio, ozen eta konbentzimenduz. Egilea oraindik kanpoan izanik haren amak jaso zuen saria.
- Accessita: Marisa Arruabarrena. Erabaki
dut. Zoriontasunaren atzetik
dabilen emakumea agertzen da olerkian; aldatu nahia sumatzen zaio eta, aldaketaren
bide horretan, bi euskarriri heltzen die: norbere buruaren onarpena, batetik,
eta bakoitzak hartzen duen erabaki kontzientea, bestetik; zoriona, ezer
izatekotan, jarrera bat baita.
Hona hemen Euskararen Eguneko hainbat argazki.