Orioko Udalak 2015. urte hasierarako %65eko birziklapen tasa lortzeko bidean beste pauso bat eman asmoz, edukiontzien mapa berria jarriko dute martxan; lehenengo hondakinen mahaian eta gero Obra eta Zerbitzuetako batzordean adostuta. Aldaketa honen helburua herriko birziklapen tasa igotzea da, eta horretarako, Urola Kostako Udal Elkartearen laguntza ekonomikoari esker, aurki birziklapen puntu gehiago izango dira Orion etxean, komertzioetan nahiz gastronomia elkarteetan sortutako hondakinak bereizita botatzeko.
Orioko Bildutik adierazi dutenez, birziklatzea
errazteko baliabideak jartzearekin batera hondakinak nahastuta botatzeko
ohitura dutenei bidea zailduko zaie. Izan ere, errefusarentzat izan arren gaur egun jende askok zabor dena nahastuta botatzeko ere erabiltzen dituen edukiontzi berdeen
kopurua % 60 murriztuko da. Bio-hondakina edo materia organikoa
bereizita botatzeko ontzi kopurua, berriz, hirukoiztu egingo dute. Organikoa ondo bereizita botatzeari eman
nahi izan zaio garrantzia, izan ere frakzio hau da egun gutxien bereizten dena
Orioko etxe, komertzio eta gastronomia elkarteetan.
Irizpideak
Kaleko edukiontzien mapa berria diseinatzerakoan honako irizpideak hartu dituzte kontuan:- Birziklapen puntu bakoitzean errefusa botatzeko edukiontzi berde kopurua erdira jaistea.
- Birziklapen puntu bakoitzean gutxienez bio-hondakina edo zabor organikoa botatzeko edukiontzi bat jartzea.
- Errefusa botatzeko edukiontziak bakarrik dauden guneak kendu edo berrantolatzea.
Mapa berriarekin herriko edukiontzi kopurua %10 gutxituko da
Hondakinen mahaiak mezu garbia helarazi nahi die herritarrei: sortzen dugun hondakina ondo bereizi eta birziklatu behar dugu. Denon ardura da egun %36 ageri den panelean 2015. urte hasieran %65 ikustea.
Auzokonposta
Bio-hondakinen ontzia –marroia– oraindik erabili ez eta edukiontzi horietara zabor organikoa botatzen hasi nahi duten oriotarrek udaletxean
jaso ahal izango dute ontzi txikia eta edukiontzia irekitzeko giltza.
Bestalde, auzokonposta egiten hasi nahi duten herritarrei gogorarazi nahi diete udaletxera deitu –943 830 346– edo bulegoak@oriokoudala.com helbide elektronikora idatzi dezaketela izena emateko. Zerrendan sartu nahi duen herritarrak non bizi den azaldu beharko du. Eskaeraren arabera auzokonposta gune berriak egiteko aukera ere egongo da.