Dunbala, tronpeta eta txistua nagusi Sanikolasen deiadarraren aurretik

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2013ko abe. 6a, 08:19

18:00etan hasi zen "Izan zaitez tanta" trikipoteoa; 19:00etan, erraldoi eta buruhandiak eta frontenis txapelketako finalerdiak

Hasi dira 2013ko Sanikolasak gurean. Abenduaren 5ak dantzarako doinuak ekarri ditu aurrena. Giza eskubideen, konponbideen eta bakearen aldeko harpidetza kanpaina Oriora ekarriz, Izan zaitez tanta trikipoteoa izan zen da aurtengo jaietako lehen ekitaldia. 18:00etatik hasita, dunbalaren eta tronpetaren atzetik ibili ziren festazaleak tabernaz taberna, urtarrilaren 11n Bilbon eratuko den “itsasorako tantak” biltzeko asmoz.

Trikipoteoko argazkiak ikusteko klikatu hemen.

Txikienak, berriz, Kultur Etxearen aurrean bildu ziren 19:00etan. Pello eta Nikolasa erraldoiei kalez kale laguntzeko prest agertu ziren handi eta txiki. Ohiko txistulari taldeaz gain, laguntzaile berriak izan zituzte gainera atzokoan Orioko arrantzalerik eta saregilerik handienak: Mutrikuko erraldoi eta buruhandiak etorri baitziren bisitan, herriko kaleak ezagutzera. Gure buruhandi goxoekin ohituta, makina bat korrika saio egin behar izan zituzten ume eta gurasoek Mutrikuko buruhandien astinduak ez jasotzeko. Txistuen doinuekin dantzan Eusko Gudari eta Arrantzale kaleetatik pasa eta plazara etorri ziren guztiak 20:00etarako, festei hasiera ofiziala emago zien ekitaldia gertutik ikustera eta aditzera.

Festetako ezinbesteko protagonista bihurtu dira Pello eta Nikolasa erraldoiak Oriora etorri direnetik. Haurrek dieten estimuaren isla da kalejira bakoitzean atzetik izaten duten jendetza. Buruhandi eta erraldoien kalejirako argazkiak ikusteko klikatu hemen.

Frontoian ere izan zen zer ikusia. Abenduaren 8an, San Nikolas hirugarrenean, izango den frontenis txapelketako finala nork jokatuko dituen erabaki zen atzokoan pilotalekuan. Urko Indabereak eta Manu Olveirak ezin izan zuten Andoni Calcerrada eta Xabier Romeroren aurka. Hiru ordu laurdeneko partida jokatu ondoren, 12 eta 18ko emaitzarekin nagusitu ziren Calcerrada eta Romero. Bigarren finalaurrekoan Igor Albizurik eta Eñaut Bilbaok osatutako bikoteak lortu zuen finalerako txartela Daniel Rodriguezei eta Oskar Gimenezi irabazita.

17:00etan hasita jokatu dute, hortaz, atzo galdutakoek elkarren aurkako partida hilaren 8an, 3 eta 4. postuak erabakiko dituena. Atzetik izango da finala.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide